Memelotzat har nazazuen

Hau duk hau; dirudienez, blogosferako sateliteok ezin bizi gara lehenago edo beranduago hau egiteko unea iritsi barik. Nik Asierri eman behar dizkiot eskerrak… Zer zen ere jakin barik meme delakoak harrapatu nau eta bat-batean ingurura begiratu eta izurrite geldiezina dela jabetu naiz. Behin iritsita ezin uko egin, beraz, ekin diezaiogun eta zabal ditzagun hemen bost aitorpen aitorgarri. Ez ditut oraindik lar hausnartuta, baina joango dira ateratzen. Gandorra zein ez, denok dugu iragan iluna eta alferrekoa da hari ihes egiten saiatzea.

  1. 12 urterekin egin nuen txiza azken aldiz ohean. Beraz, holakorik egiten duen umea baduzue ez kezkatu, azkenean ia normalak ateratzen gara…
  2. 6 urterekin une zirraragarria zen bainua hartu ondoren jagoten ninduen neskak ilea lehortzen zidanekoa. Hemen nire kontuak direnez argitaratzekoak, haren izena ez dut aipatuko. Kontua da etxean lan egiteko bata berdea jantzi behar zuela, eta maiz haren azpian ez zeramala titi-zorrorik. Ez nuen denbora gehiegi behar izan konturatzeko, eta adi-adi egoten nintzen aulkian, txintxo aurpegiaz, nire aurrean noiz makurtuko hango tontor ederren gozamena hartzeko. Mutila izanda, jakina, nire klasekide guztiek zekiten kontua. Zer da ikustea kontatzerik ez badago?
  3. Nerabean sartu nintzenetik eta ia ezkondu arte pelikula gehienek interesa galdu zuten lehenago edo beranduago titiren bat ikusten ez bazen. Horregatik aitak gutxitan sorrarazten zidan interesa bere garaietako maisu lanei buruz hitz egiten zidanean. Gauzak horrela, zelan eskertu nion Fa-ri bere iragarkia, batez ere izurdeagatik…
  4. 5 bat urterekin plazer itzela zen komunekoa, batez ere komuneko papera izugarrizko jostailua zelako: hormatik bainuontziraino luzatzen nuen imajinatuz dendaria nintzela eta hura biltzeko papera, zeloa… zela. Ez nintzen oso ekologikoa, gero paper horrekin guztiarekin pilota bat egiten nuen, ez bainekien ipurdia beste modu batez garbitzen, eta noizean behin bolatxoa ipurdian nuela arrebagana joaten nintzen urtxintxa bat nintzela esanez, hura nire isatsa zelakoan. Gogoratzen dudanagatik, eskolan gure zaletasunei buruzko inkestatxoa egin zigutenean nik kaka egitea ipini nuen lehenengo lekuan.
  5. Eskolan apendizitisa pasatu izana bedeinkazio bilakatu zen 6 urterekin: medikuaren nahi ez nuena ez janarazteko agindua txiklea legez luzatu nuen andereñoak (kontxo, konturatu naiz nire orduko andereñoaren izena eta goian aipatu dudan jagolearena bat datozela!) eskolako indabak eta beste plater nazkagarriak irentsaraz ez ziezazkidan. Dena dela, zorteak ez zidan gura beste iraun eta hurrengo urteak behartuta jaten jarraitu behar izan nuen. Nire traumetariko bat, seguruenik.

Orain suposatzen da putadatxo hau beste bost laguni helarazi behar diedala. Zoritxarrez nire blogosarea ez da hain zabala, nire kontaktuetariko batzuek dagoeneko jaso dutelako oparia beste nonbaitetik, beraz hiruri baino ezin pasa. Gustura irakurriko ditut Ibonek eta Javik idatz ditzaketenak… Aspaldian ez dakit Libetxu hemendik pasatzen den, baina eginez gero, badaki! Beste gonbidapen biak airean geratzen dira…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Memelotzat har nazazuen-ri

  1. egilea: asier

    Lehenengoaren gainean luzeago berba egin behar dogu, gure umeak 5 urte ditu eta ez neuke nahi 12 urtera arte jarraitzerik baina arazoa badauka.

    Bigarrena, ze ederrak diren hasiera-hasierako berotze horrek!!!

  2. egilea: asel

    Lasai, niri ez jatan traumarik geratu, batzuetan anaiak zirikatzen ninduan arren. Txarto pasatu bai, gaueko euritearen usaina disimulatu guran…
    Berotzeei jagokenez… usten dot danak direla ederrak, lehenetatik azkenetara arte! Ikusiko dogu urte batzuk barru zelakoak diren zahartzarokoak, allegetan bagara. Seguruenik haurtzaroan legez, familiakoei kontatu ezinik biziko doguz, aitorrezin bilakatuta. Bitartea, gozatu daiguzan egunero datozan guztiak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude