Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/05/16 09:55:36.676 GMT+2

Goienatik Eibarra

Blog koskor hau Goienan jaio eta abiatu zen. Hemendik aurrera, Eibarko sarearen altzoan haziko da.

Blog hitza Eibarren entzun nuen lehen aldiz, Luistxori Eibar.org-eko afariren batean. Ez nion esplikatutakoari erabilera handirik ikusi, baina hura zer zen jakitea erabaki nuen. Eibar.org-ek horretarako ikastaroa antolatu zuen egunean, ordea, lankidea ezkondu zitzaidan, eta ni ikastera joan ezin. Nik bakarrik ezin izan nuen prestatu zidaten bloga abiarazi.

Goienako ahaideek adopzioa eskaini zidaten, ikastaro bat eman eta bloga prestatu. Guztia irribartsu eta lagunkiro. Milaka esker, Goiena, guztiarengaitik. Zuek bai jakin ematen.

Baina altzora bueltatzeko garaia iritxi da. Eibar.org berritua, hamargarren urtehurrena, blog berria... Erralek migrazioko tramiteak egin dizkit, eta sustraietara bueltatzen naiz.

 Goiena, maite zaituztet, baina ...my heart belongs to daddy.

 

Nork: elena.2008/05/16 09:55:36.676 GMT+2
Etiketak: ikastaro blog eibar goiena altzo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/31 14:07:41.332 GMT+2

Ospelak

 

Amama María Iriondo Azpiazu ia ez nuen ezagutu, berak ni bai, hiru urte neukala hil zen. Ezagutu ditut bere sei ahizpak, guztiak txikiak, ipurterreak, langileak eta fundamentu handikoak, irribarrea galdu gabe, jeniodunak beharrezko zenean.

 

Abuela Carmen Torrecilla Rioja gehiago ezagutu nuen. Hau ere txikia eta fundamentuzkoa, hamar seme-alaba aurrera ateratzeko modukoa. Etxean eta kanpoan lan mordoa egindakoa, beti umore onez, beti ingurukoak pozik edukitzeko ahaleginetan.

 

Udaberriak ekarri dizkit aurten ospelak. Urtero hatzamarretan ospelak irteten zaizkidanean, nire bi amonez gogoratzen naiz.

Beste denbora batekoak diruditen ospelek, elkartu egiten dute nirea den denbora hau, bestela bat ere zerikusirik ez duen amonen denborarekin.

 

Nork: elena.2008/03/31 14:07:41.332 GMT+2
Etiketak: amama udaberria abuela ospelak amona | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/03/30 21:46:24.842 GMT+2

Zoriona

Asteleheneko Goienkaria

 

“Nik ez dut zoriontasunean sinisten, egia esaten badizut. Ezinegonean baino ez dut sinisten; hau da, sekula ez naiz erabat zoriontsu, beti behar dut beste gauza bat egin. Baina onartzen dut bizitzan badaudela hamar segundu edota ordu erdi irauten duten zoriontasunak, adibidez, nire lehen semea jaio zenean bezala; une horretantxe zoriontsu izan nintzen. Baina une labur-laburrak dira. Bizitza osoan zoriontsu dena ergel bat da. Horretxegaitik, nahiago dut zoriontsu izan baino, geldiezina izan”. Umberto Eco, EPS 08-3-30.

 

Gizakiaren oinarrizko helburua bizitza honetan zoriontasuna bilatzea ei da. Horretan ados, besteak beste, filosofari grekoak, budistak, Amerikako Estatu Batuetako sortzaileak. Kristautasunaren arabera, zoriona gizakiak Jainkoarekin bat egiterakoan emango da, bizitza honetan ala bestean, baina zoriona azkenik. Kontzeptua zer den argi jakin gabe ere, denok nahi dugu zoriontsu izan.

 

Zorion maila ezberdinak daude. Ez baita berdin laneguna ondo bete ondoren etxeratzean familia maitagarriarekin topo egiten duenaren zoriona, edota espetxean luze egon ondoren askatasuna eskuratzen duenarena; azken hilabeteetan gorputza erasotu dion gaixotasuna menderatuta daukala esaten diotenarena; urteetan administrazioarekin borrokan ibili ondoren, paperak lortu dituen etorkinarena.

 

Sarritan zoriona gauza materialek ematen dute, eta kontrakoa dioenak, gezurti galanta: erostea, ametsetako kotxea, etxe bat, liburu bat, txupa bat, korrika egiteko zapatilla zoragarri horretxek… Baita ere bidai bat edo afari eder bat egitea. Gauzen bitartez zoriona nola ikutzen den ikusita, bitxia deritzo herrialde pobreetara bidaiatzen duenak bertako jendea zoriontsu izatea, bueltan topiko bihurtu baita azpimarratzea ze gauza gutxi dituzten, eta hala ere, zelako zoriontsu diren. Gure zorionaz galdetzera behartzen ote gaitu horrek.

 

Gertakizunek ere eman diezaigukete zoriona, eta ez txikia: su-etenaren aldarria, euriborraren jaitsiera, eguraldi onaren iragarpena, futbol-taldearen garaipena. Bakoitzak bere interesen arabera, jakina.

 

Zorion mota guztien artean, ni Ecoren zoriontasun horrekin geratzen naiz. Fitxatuta dauzkat hamar bat segundutik hamar bat minutura iraun dezaketen zorion uneak. Suntsikorrak, eta aldi berean, bortitzak. Gauza oso txikietan gehienak, oso goi mailako helburuetan gutxi batzuk. Eta zorion-uneak bukatzen direnean, Ecok bezala, ezinegona, mugikortasuna. Dabilen harriak goroldiorik ez.

Nork: elena.2008/03/30 21:46:24.842 GMT+2
Etiketak: eco zoriona bizitza ezinegona bilaketa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/27 22:46:54.193 GMT+1

Bizitza goruntz

 

Mikrokezka: Paulo semea kexaka etorri da, Tximeleta gozoki-dendan pipa-poltsa prezioz asko igo dutelako: 25 zentimotik 35 zentimora. Euro t’erdiko pagan asko igarri du igoera.

 

Mikrohistoria: Pauloren adina neukanean, 10 urte, pipa-poltsa 2 pezetatan erosten nuen (0,0120 €). Y el toro dijo al morir: siento dejar este mundo sin probar pipas Facundo.

 

Mikroekonomia: Ordutik hona, 1976tik hona, bizitzak % 888,8 egin du gora, Kontsumo Prezioen Indizearen arabera. Pipa-poltsak berriz, % 2.811,50.

 

Nork: elena.2008/03/27 22:46:54.193 GMT+1
Etiketak: bizitza kpi garesti pipa-poltsa gora | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/03/12 11:59:42.343 GMT+1

Liburuen mailegua

...eta kitto! aldizkarirako

 

Joan zen urteko San Juan egunean indarrean  sartu zen irakurketa, liburua eta liburutegiak arautzen dituen Legearen arabera, Administrazio publikoek herritarrok liburutegiak izan ditzagula bermatu behar dute. Horren helburua, pentsamenduaren eta kulturaren zabalkuntza sustatzea, informazioa ezagutza bilaka dadin, eta kultura eta ikerkuntza garatu daitezen. Ikusten denez, asmoak behintzat ez dira bat ere apalak.

 

Legeak ekarri zituen berrikuntzen artean, ezarri zuen oro har titularitate publikoko liburutegiek ez zutela liburu-egileen baimenik behar izango liburuak maileguan emateko. Hala ere, nahiz eta egileek baimenik behar ez, Legeak zioen maileguan emandako liburuengaitik egileek ordainsari bat jasoko zutela, kanon esaten zaion hori, eta saria egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen bitartez ordainduko zela. Ordainketatik salbuetsita geratzen dira 5.000 biztanletik beherako herrietako udal liburutegiak,  eta Espainiako irakaskuntza-sisteman sartuta dauden erakundeetako liburutegiak.

 

Salbuespen hauek kontutan izanda, duela bi aste jaso ditu CEDROk, eskubide hauek kudeatzen dituen erakundeak, lehen ordainketa: 1.300.000 euro, 2007 urtean Espainiako liburutegi publikoetan egindako maileguen truke. Hogei zentimo liburutegi publikoetan maileguan emateko erosten den liburu bakoitzeko. Nahiz eta ordainketa hori udalei egokitzen zaien, aurten Kultura-Ministeritzak ordaindu du, eta itxura denez, hurrengo urtean ere Ministeritzak zati bat ordainduko du.

 

Nork: elena.2008/03/12 11:59:42.343 GMT+1
Etiketak: mailegua liburua liburutegia legea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/03/10 13:41:01.681 GMT+1

Asteburua

 Hilketa guztiek ukitzen zaituzte, baina normala dena baino ahulago harrapatzen zaituztenean, oraindik eragin gehiago egiten dute zuregan.

Ostiral arratsalde osoa ospitaleko erreanimazio gelan pasa nuen, goizean egindako ebakuntza txiki garrantzibako anestesiatik esnatzen, ohe bat libratu zain. Laurehun metro inguruko gela bateko izkina batean baztertuta, erdi lo, erdi tontotuta, betaurreko eta lentillarik gabe ezer ikusten ez nuela. Gorputzetik kanporako harreman bakarra, alde batera eta bestera somatzen nituen erizainen berriketa, eta Kiss FM. Laurogei eta 90 hamarkadetako hit guztiak irenstarazi zizkidaten, nahiz eta anestesiagaitik buruko mina neukan, eta musika orratzen pare sartu buruan. Eta top pop abesti guztien artean, informaziozko flash bat: Arrasaten zinegotzi izandako bat hil dutela.

Hasieran ez nekien oso ondo benetan entzun nuen ala ez. Segituan konturatu nintzen ostera zer zen hura. Ez nuen ulertu baina zergaitik eta zertarako. Kanpoarekin harremanik gabe, nahikoa denbora izan nuen horri buruz pentsatzeko.

Herritar bat tiroz hil dute. Sarraski bat da eta ez du lojikarik ez gizalegerik. Herritar huts bat, zinegotzi ohi bat. Edozerk balio du, edozeinek balio du?

Eta nola bilatu dakioke lojika politikoa edo militarra horrelako ekintza bati? Zein mesede egiten dio herri honi, gu herritarroi, hauteskundeen gogoeta-egunean hilotz bat jartzeak mahaiaren gainean? Zeinen alde egiten da hori? Zer lortzeko? Gatazka konpontzeko? Nik ere nahi dut gatazka konpontzea, hitz egitea, herriaren burujabetza, baina ez nago prest auzokoa hil diezadaten bide horretan.

Atzo gauean Paca gelakideari baimena eskatu nion artean erabili ez genuen telebista pizteko. "Sí, pon a ver a quién vamos a tener". Hauteskundeen emaitzak triste ikusi nituen, galtzaile sentsazioarekin. Euskal herritar asko, boturik eman ezinda. Alderdi abertzaleak, botuetan behera. Alderdi txiki guztiak, galtzaile. Espainiako bi alderdi handi eta ia bakarren esku geratu gara. PSOEk atentatuari esker botu gehiago lortu ditu seguruasko. Eta PPko botu-emaileak, erabat mobilizatuta. Madrilen agertzen ziren irudi haiek ez ziren nireak. Laster itzali nuen telebista, ordurako Paca zurrungaka lo seko zegoen.

Nork: elena.2008/03/10 13:41:01.681 GMT+1
Etiketak: ospitalea lojika hilketa hauteskunde mesede | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/03/02 20:17:22.764 GMT+1

Melhor fado nâo terá

Asteleheneko Goienkaria

 

“Sharon Stonek, hilaren 10ean 50 urte betetzear dagoenak, irudi eder, sexi eta, harrigarriena, duela hamabost urteko Instinto básico hartako gaiztoak bezain gaztea ematen du. Berdin Kim Bassinger ederrak, 54 urterekin (…) Bederatzi urte gutxiagoko Demi Moorek hogei urteko baten gorputza erakusten du (…) Emakume guzti hauetan, beste edozein merezimenduren gainetik, betiko gaztetasuna lortzeko miraria lortu dutela azpimarratzen da. (…) Madonna bezala, Teri Hatcher bezala. (…) Gorputz glamurotsu eta aldi berean irreal hauek adin hedluko emakumeentzako presio bilakatu dira, eta osasun adituen iritziz, gero eta segurtasun-ez handiagoa dakarkie gorputzaren gainean”. El País, 08-3-2.

 

Egunkariak hauteskunde-kanpainaz beteta daude, hemengo ekitaldia, hango debatea, toki guztietako ego-puztea (onenak gara), ondokoentzako mespretxua (besteek gaizki egingo dute), berriketaren zarata baino ez da ikusten. Kalea ere politika giroaz josita dago, zakarrontziak paretetako karteletan, oldartzeko moduez inguratuta gaude. Egunkari eta kaleko paisaiari erreparatuz gero, irudiko luke politika eta hauteskundeak direla herritarron burua bueltaka ipintzen duena.

 

Baina badaude herrietan bertan beste toki batzuk, non politika esistitzen ez den, non herritarren kezkak erabat bestelakoak diren, herriaren eskizofrenia (ala  osasun ona) islatzen dutenak: bidai-agentziak eta edertze-aretoak. Lehenengoak lepo daude, nekeza garai honetan Aste Santuko oporretara joateko txartel bat topatzea. Bigarrenak, edertze-aretoak, sotilagoak dira oraindik, sekula ez delako jende asko ikusten barruan, baina sinistu, bertako erabiltzaile guztiek hauteskundeetan botua emango balute, porrota galanta abstentzioaren aldekoena.

 

Topikoa da gure gizartean irudiak duen garrantzia azpimarratzea. Denok ez dut esango, baina gehienok kezkatzen gaitu irudiak. Lehen emakumeok bakarrik, orain gizonak ere bai. Eta kezka nagusien artean dugunez, irudiak denbora eta dirua gastatzeko prest gauzka. Gorputz eta arpegirako tratamenduak, beltzaran ipintzeko bideak, guapo, dotore eta, ahal bada, gazte egotea da jende askoren helburu (ez dut esango bakarra) urte sasoi honetan.

 

Irudi-kanpainak baina ez gaitzala engaina. Demi Moorek erakuslehio horretatik kremak saldu nahi dizkigunean, Monica Beluccik standetik sensualki makillatzera gonbidatzen gaituenean, haueskundeetako eskaintzak bezain faltsuak dira. Eskaintza ederragoak, bai, baina ez errealagoak.

 

Zeren edertasunaren kontu honetan (eta ez dakit politikaren kontu honetan ere ez ote den hala izango) plaentxiarrek zapatuan Elgetan kantatu zuten fadoak dioen moduan, “todos temos nosso fado e o que nasce mal fadado melhor fado nâo terá”. Daukaguna daukagu, eta hoberik, ba, ez dut uste edukiko dugunik.

 

Nork: elena.2008/03/02 20:17:22.764 GMT+1
Etiketak: sharon stone hauteskundeak edertasuna fado | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/02/10 16:52:24.667 GMT+1

Ikurrak

"Unibertsitatean zapia baimentzeko lehen urratsak eman ditu Turkiak.- Cevher-eta eta Tugç-ek goi mailako ikasketak egiteari uko egin zioten. Arrazoia, 1998tik indarrean zegoen debeku bat. Urte horretan, unibertsitatera beloarekin joatea debekatu zuten eta beraiek, musulmanak izanik, zapiarekin janzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Atzo, TurkiakoLegebiltzarrak lege hura indargabetzeko bi emendakin onartu zituen". Gara, 08-2-10.

 

Atentzioa eman zidan joan zen egunean Eibarren hogei urte inguruko neska batek zelako estiloarekin zeraman aurtengo modako poltsoa, “it bag”a, aurretik sekula ikusi ez bezala: besoa ukondotik tolestuta, esku-ahurra itxita, eta poltsoa ukondo parean katiatuta, gorputzari pegatu barik. Aurten modak agintzen duen arren, zaila estilo piska batekin eramaten, adibidez Sarah Jessica Parkeren argazkiren bat ez baduzu ikusi.

 

Poltsa ukondoan zintzilikatuta, eta burua zapi beltz batez estalita, musulmana. Harrez gero gehiagotan ere ikusi dut, batzuetan lagunekin, denak zapia buruan, denak modako poltsoarekin, baina estilotsuena, bera.

 

Euskal Herri osoan oro har, ez dago, momentuz, inolako arazorik nahi duten emakumeek burua estalita eraman dezaten. Ez eta nahi duten gizonek eraman dezaten: txapela ondo onartuta dago. Ez dago, ezta ere, trabarik monjek euren beloak, apaizek lepoko zuria, umeek urrezko kateak, futboleko kamisetak, eskolako uniformeak eraman ditzaten, neskatxoei jaioberritan belarriak zulatu diezaieten. Hori guztia onartuta daukagu eta normaltasunean sartzen dugu. Baina zer gertatuko litzateke, adibidez guraso batzuk behin eta berriro mutikotxo bat gonaz jantzita eramango balute? Gizarte-zerbitzuek esku hartuko al lukete neska jantzita daramaten mutiko baten gurasoen kontra?

 

Garai batean kaikuak debekatuta egon ziren, etorkizun hurbilean ez dakigu. Arropa guztiak dira ikur, tangak, markako arropak, modan dauden zapi palestinarrak, praka gainetik ikusten diren kaltzontziloak. Gainean daramagun gehiena da ikur. Galdetu bestela zergaitik datozen beti politikoak audi ilunetan, eta zergaitik horren beste gizonek (ia beti gizonak dira) imitatu nahi dituzten. Egiten ditugun gauza gehienak dira ikur edo sinbolo, kontua da zenbateraino egiten ditugun libre edo behartuta. Eta libreki egiten ditugula erantzuten badugu, zenbaiteraino garen zintzo geure buruarekin.

 

Horregaitik ez dit trabarik sortzen nire ondoko emakumeek zapia eraman ditzatela. Beraiek libreki erabaki badute, ez naiz ni izango ikur batzuk beste  batzuren gainetik ipiniko dituena. 

Nork: elena.2008/02/10 16:52:24.667 GMT+1
Etiketak: ikur zapi musulman moda | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/02/06 13:35:41.747 GMT+1

Piraten epaiketa

 

Sei emakume kitxua zeuden deituta epaiketara. Leporatzen zitzaien delitua: Cden kopia piratak saltzea Donostiako kalean. Atzeman zituztenean, emakumeak ez zebiltzan salmentan, baizik eta furgoneta batean sartuta, aparkatu nahian. Poliziakoek, furgoneta gerarazi eta miatu zutenean, bostehunetik gora CD kopia topatu zituzten, motxila batean. Polizia azkarrek ondorioztatu zuten emakume haretxek zirela kalean salmentan zihardutenak, korrika alde egin zutenak polizia ikusi zutenean, eta ondorioz, salaketa ipini eta epaitu egin zituzten.

 

Emakumeak epaiketan ezetz, eurak furgonetan zeudela aparkaleku bila, furgoneta lagun batek utzi ziela, ez zekitela barruan zer zegoen, eta eurak ez zirela izan kalean salmentan zebiltzanak.

 

Poliziakoek baietz, kalean emakume kitxua batzuk ikusi zituztela disko piratak saltzen. Konturatu zirenean polizia gertu zebilela manta jaso, diskoak bertan sartu, eta ospa egin zutela. Beraiek atzetik, metro gutxira, beti euren begiradapean, furgonetan sartzen ikusi zituztela, eta bertan atzeman zituztela, Cden kopiekin.

 

Emakumeen abokatua, poliziakoei zalantza sortu nahian: ziur al zaude saltzen ziharduten eta furgoneta barruan zeuden emakumeak berberak zirela? Poliziakoak baietz, bistatik galdu gabe segika ibili zirela, ez zegoela inolako zalantzarik. Abokatuak berriro:baina ondo begiratu, badaiteke zuretzako emakume kitxua gehienak berdintsuak izatea. Poliziakoek ezetz, oso ziur zeudela

 

Saltzaileek manta jaso, ihesean joan, polizia segika metro gutxira, begibistatik galdu gabe, furgonetan sartu, segundu gutxira poliziakoak miatu, nola da posible orduan Cdak motxila batean topatu izana, eta ez manta batean? Zelan izan zuten emakume horiek aukera bostehunetik gorako CD horrek mantatik atera eta motxilan sartzeko segundu gutxi horietan?

 

Joan zen astean ospatu genuen absoluzioa. Ez Ministeritza Fiskalak, ez SGAEko defendatzaileak ez dute epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Nork: elena.2008/02/06 13:35:41.747 GMT+1
Etiketak: pirata emakume epaiketa kitxua cd | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/05 17:18:09.214 GMT+1

Alarguntasun-saria: kontatu ez zigutena

 

Idatzi nuen Espainiako Gizarte Segurantzaren legedian alarguntasun-sarian egindako aldaketen gainean. …eta kitto! aldizkarirako zutabe bat zen, eta espazio kontuengaitik, ezin izan nuen kasuistika guztia agertu.

 

Azaldu ez nuen kasu horietako bat, aste honetan bulegoan tokatu zaiguna, bizitza bezain erreala: gaixotasun bat diagnostikatu berri dioten pertsona bat (ez da gaixotasun profesional bat), bikotekidearekin ezkontzen da eta urte bete pasa baino lehen, hil egiten da gaixotasun horren ondorioz. Ezkontideak pentsioa kobratuko luke seme-alabarik balu, baina bikote honek ez dauka. Beraz, alarguntasun-saria kobratu ahal izateko, egiaztatu beharko dute ezkontzeke eta ezkonduta egon diren denbora bi urtekoa izan dela gutxienez.

 

Bi urteko bizikidetza bikote batentzat behar bada ez da horren denbora luzea, baina frogatzea batzuetan ez da hain erraza. Harremanak askotan ez dira egun jakin batean hasten, bizikidetzak sarritan ez dauka hasiera-egun finkorik. Gauetan geratzen zara, astebururen bat,  kajoi bat okupatzen duzu, eta gero noiz izan den konturatu barik, bertan geratzen zara bizi izaten. Paperak beranduago: enpadronatu, bankuan kontu bat elkarrekin, ura eta argi-indarra noren izenean…

 

Lege honek kontzeptu berri bat ekarri dio alarguntasun-pentsioari: ez da nahikoa ezkonduta egotea eta Gizarte Segurantzan altan egotea, ezkondu aurretik bizikidetza ere frogatu behar da pentsioa kobratzeko eskubidea eduki ahal izateko.

 

Zer ote den publizitate-politika. Lege erreforma hau saldu zuten esanez egitatezko bikoteentzako eskubideak ekarriko zituela, alarguntasun-saria aitortuko zitzaielako hainbat kasutan. Gero gertatu da kasu horiek ez direla horren beste izan, eta ostera, ezkondutako bikoteei legearen erreformak murrizpenak ekarri dizkiela pentsioa kobratzeko orduan. Baina hori aho txikiarekin ere ez dugu entzun. Kasu errealek baino ez dakite horren berri.

 

 

Nork: elena.2008/02/05 17:18:09.214 GMT+1
Etiketak: alarguntasun-saria bikotea publizitate ezkondu bizikidetza pentsioa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak