Joan zen ostiralean, eguerdian, ertzainek kotxe batean zihoazen hiru mutil atxilotu zituzten Elgoibarren. Kotxea susmagarri iruditu, gelditu arazi eta, antza, motxila susmagarri batzuk topatu zizkieten. Motxilak CD eta DVDz beteta omen zihoazten eta hiru gazteen narrua ikatza baino beltzagoa zen. Senegaldarrak ziren. Izenak, Maodo, Amar eta Gora.
Jabetza intelektualaren aurkako delitu bat egotzita, Eibarko Ertzaindegian pasa zuten bariku arratsaldea eta gaua, eta zapatu goizean epailearen aurrean deklaratu ondoren, epaileak libre utzi zituen, euren kontra prozedura penal bat ireki ondoren.
Gazteleraz ondo moldatzen ez zirenez (ez dago ezer aipatu beharrik ertzainetan eta epaitegietan esistitzen ez den beste hizkuntza horri buruz) itzultzailea eskatu zuten. Etorri zen itzultzailea, Chiek, gazte Senegaldar-Markinaratua. Esplikatu zuen hitzez hitz Senegalen hizkuntza ofiziala frantsesa eta hizkuntza nazionala wolofea (ez dakit ondo idatzia dagoen) direla. Atxilotuekin wolofez mintzatu zen. Gazteleraz ondo egiten zuen. Berezkoak zeuzkan berbetarako erreztasuna eta grazia.
Lau mutil Senegaldarrek ederto agertzen zuten etorkinek deserrian izan ditzaketen egoera ezberdinak:
- Chiekek bost urte daramazki Markinan. Paperak dauzka, lana dauka. Beraz duintasuna eta askatasuna. Badaki gazteleraz, euskara ikasten dihardu. Bere ibilkerak, keinuek eta irribarreak lasai dabilela adierazten dute.
- Maodok eta Amarek urte bete pasatxo daramate Euskal Herrian. Oraintsu eskuratu dituzte paperak. Hasi dira gazteleraz nolabait moldatzen. Gizarteak onartzen eta aldi berean zigortzen duen salmenta batean dihardutenez, aldeetara mesfidati begiratzen dute edonon. Lasaitasunik ez.
- Gorak hilabete darama Euskal Herrian. Ez dauka paperik, ez daki gazteleraz. Bere begirakuneak izua baino ez du adierazten. Ez du esan nahi zelan iritxi den. Ez duintasunik, ez askatasunik. Beldurra eta mesfidantza baino ez bere arpegian.
Domeka gauean Euskadi Irratian Dani Arizala mutil Senegaldar-Lekeitiartu batekin berbetan zebilela harrapatu nuen (izenera ez nintzen iritxi). Erreza egin zitzaidan Lekeitioko euskaran polito zebilen elkarrizketatuari arpegia ipintzea. Sukaldea jasotzen nuen bitartean, poztu egin nintzen duintasuna, askatasuna, berbeta eta adarra jotzeko gogoa zeuzkan mutil haren hitzak entzuten.
Erantzunak
Autopistan harrapatu zituzten, ostiralean 13.00ak aldera, Maltzagan Elgoibarrerunzko norabidean. Ikusi nituen poliziak beltzak katxeatzen.
Berrian irakurri nuenez, gelditu zituzten S-ak egiten zihoaztelako autopistatik, eta erdiko mediana ere jo zutelako autoarekin...
Diskoena ez zait delitua iruditzen, eta paper barik bizitzea gutxiago, baina horrela autopistatik ibiltzearena egia bada, zirkulaziotik kanpora hobeto daude, beltz ala zuri izan.
Nork: Luistxo.2005/11/21 12:46:43.796 GMT+1
http://www.eibar.org
Eseak egin eta mediana jo? Ertzaina ibili zen gaizki orduan, ze, ez zieten alkoholemia frogarik egin, eta ez zieten trafikoaren segurtasunaren kontrako deliturik leporatu. Eta hori, ba..., harritzekoa piska bat.
Nork: Elena.2005/11/21 13:02:57.724 GMT+1
Ba errepasatu zapatuko edo domekako hemeroteka. Berriako labur bat izan zen, eta horrela argitaratu bazuten, Herrizaingo sailaren oharren batengatik izango zen. Beste toki batzuetan ere, akaso, gauza bera aterako zuten. Ohar bat egongo da hor, eta ez bada egia oharrean diotena, uste dut abokatuak (zu bazara mutil hauen abokatia), defenditu beharko dituela behintzat gezurrak zabaltzetik.
Neuri, behintzat, akusazio horrek pizten dit alarma soziala, gidatze arriskutsu horrek. Egia bazen, atxilotuek parte bat merezi zutela uste dut. Ez bazen egia, ez dakit zertan zabaldu behar diren gezurrak hedabideetan, herritarrok inmigranteen kontrakoak sinets ditzagun ez bada...
Beste akusazioen inguruan, badakizu zer pentsatzen dudan.
Nork: Luistxo.2005/11/21 16:31:47.606 GMT+1
http://www.eibar.org
Nik irakurri nuen bertsio ofiziala erderaz aurkitu dut Eitb-n eta El Correon
Nork: Luistxo.2005/11/22 06:30:03.192 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo
Leikeition bizi den senegaldarra Gina da (eztakit nola idazten den bere izena), euskaraz ederki egiten du, diskak saltzen ditu eta anaia gaztea ekarri zuen bere herrialdetik, kostaldean ibiltzen da diskak saltzen eta nahiko nuke hemen bizitza guztia daramatenek berak egiten duen euskararen erdia egngo balute!Bejondeizula gIna!
Nork: xare.2005/12/06 12:20:26.917 GMT+1