Hogeita hamar urte berandu

Maria Ubarretxena eta Imanol Pradales, proiektua aurkezten.

Poztu naiz hogeita hamar urte berandu etorri den albisteagatik, alegia, azkenean egingo dela Kanpazarko tunela, eta, horrekin batera, amaituko dela 1993an iragarritako Beasain-Durango errepidea. Poztu naiz, baina ez dut ospatuko, albisteak nekatuta harrapatu nau-eta.

Nekatuta, jatorrizko albistea iragarri zenetik, kontaezinezko aldiz zeharkatu behar izan dudalako Kanpazar, etxetik lanera eta lanetik etxera, beste milaka gidarirekin batera, euripean edo eguzki galdatan, gauez edo egunez, bakarrik edo kamioi askoren atzean, Kanpazarrek alde bietan dituen gune arriskutsuak gaindituta.

Nekatuta, Kanpazarko tunela ahanzturaren putzuan eduki duten bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak milioiak eta milioiak xahutu dituelako alferrik Supersur autopistan, inork gutxik darabilen komunikazio-bide supergarestia.

Nekatuta, albiste hau iritsi zaigulako AHTren lanak uzten ari direnean Elorrioko paraje ezinago ederrak zulatuta eta porlanean itota, hiru zubibidek zeharkatuta eta inguruak urratuta.

Eta nekatuta, joan den asteko albiste hau iritsi zaigulako agintean dagoen alderdiaren lehendakarigaia boto premian dagoenean, bereziki Durangaldean eta Debagoienean, eta susmoa dudalako Kanpazarko tunela izango dela lehendakarigai horrek kapelatik aterako duen azkenetako untxia, inguruotako bizilagunok eman diezaiogun botoa.

Poztu naiz, bai, baina ez dut ospatuko.

Kategoriak Ekonomia | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Memoria galtzen dugunean

Augusto Gongora eta Paulina Urrutia, euren etxean.

Atzo La memoria infinita dokumentala ikusi genuen Elorrion, Txilen egindakoa eta herrialde horretan erakutsi diren dokumentaletan, inoizko ikusiena. Txileko bikote ezagun baten historia kontatzen du, Augusto Gongora kazetaria eta Paulina Urrutia aktorearena, baina batez gizona Alzheimer gaixotasunak jotzen duenetik.

Dokumentala tristea da, bertatik bertara erakusten baitu Alzheimerrak zelako hondamendia eragiten duen harrapatzen dituen pertsonengan eta berauen ingurukoen artean. Baina aukera ematen digu Alzheimerra hobeto ulertzeko, eta ikasteko. Horregatik, nire eskerrik sentikorrenak protagonistei, biluztu direlako guk kontzientzia har dezagun gaixotasunaren aurrean.

Dokumentalak aurrera egin ahala, bestalde, behin baino gehiagotan pentsatu nuen zein emakume berezia den Paulina Urrutia, sekulako sentiberatasuna eta maitasuna erakusten baititu bere senarraren gaixoaldian.

Emanaldia amaitutakoan pentsatu nuen zein zortekodunak garen paraje hauetan, aukera baitugu, egoera muturreko horietara iritsi aurretik, nahi duenak behintzat, eutanasia erabiltzeko. Neu naiz horietako bat.

Amaitzeko, biziki gomendatzen dizuet dokumental hau ikustea, merezi du.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Udalatx, ura eta atxa

Eñaut Iturbe, Nahiara Corcuera eta Iban Ayesa. (Argazkia: Goiena)

Atzo Udalatx, ura eta atxa dokumentala ikusi nuen Elorrion, Arriola antzokia lepo zegoela. Banuen ilusioa hura ikusteko, alde batetik, trailerreko irudiak oso onak direlako, baina baita Iban Ayesa izan duelako zuzendari, aspaldi Arrasate Telebistan lankide izan nuen mondragoetarra. Justu sarreran agurtu nuen Iban, pozik ausartu delako inguru hauetako gehienontzat ikono bat denarekin, Udalatx.

Emaitza oso ona da, egileak ez baitira mugatu irudi ederrak josten. Hamar bat ataletan, esplikatu digute, beste horrenbeste adituren ahotsetan, zein izan den Udalatxen bilakaera, nondik datorren, zelan eragin duen ingurukoon bizitzetan eta zein egoeratan dagoen gaur egun. Pare bat interbentzio kenduta, zeinak gehiago ziruditen irakurtzeko testuak eta ez esatekoak, aditu gehienek ondo bete zuten egin beharrekoa.

Eta hori guztia irudi zoragarriz lagunduta, eta kontalariak sortutako gidoi sendo baten laguntzarekin: Udalatx bizirik dago, aterpe ematen die flora eta fauna ugariari, baina hondatzen ari gara —ez da kasualitatea bosgarren atalak krak! izena eramatea, harrobiaren ustiaketari eskainitakoa.

Zorionak eman nahi dizkiot Udalatx, ura eta atxa egin duen talde osoari, eta baita Besaide mendizale elkarteari ere, berak bultzatu du-eta bai dokumentala eta baita haren inguruko liburua ere. Lan zoragarria egin dute, balioko duena Udalatx inguruko bizilagunok kontzientzia har dezagun zaindu behar dugula inguru hori.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Papillon, erakusketa

Fatima arrebarekin, Hondarribian. (Argazkia: Bego Larrañaga)

Atzo Hondarribiara joan, eta osteratxo bat egin genuen iraganera. Bertako Arma plazan erakusketa bat dago —Papillon. Hondarribiko istorio bat—, zeinak gogoratzen duen orain mende erdi zelan grabatu zen Hondarribiko kaleetan Papillon filma, bi aktore handirekin: Steve McQueen eta Dustin Hoffman. Eta joan ginen, gutako bik, Fatima arrebak eta biok, errodaje hartan hartu genuelako parte, estra moduan. [Papillon bertsio originalean ikusi nahi duenak, euskarazko azpitituluekin, hementxe dauka aukera.]

ERAKUSKETA

Erakusketa bera Turismo bulegoan dago, bigarren solairuan. Bertan, filmaren pasarte batzuk ikus daitezke pantaila handi batean, ez derrigorrean Hondarribian grabatutakoak. Hormetan, berriz, pelikularen produktorak utzitako argazki ofizialak daude, grabazio-egun haietan egindakoak. Baita azalpen argigarriak, garai hura hobeto ulertzeko, eta mahai batzuetan, txutxumutxuak, batez ere Steve McQueen eta Ali McGraw aktoreek grabazio garaian bizi izan zuten erromantzeaz.

Erakusketa apala iruditu zitzaigun, oinarrizko informazioa baino eskaintzen duena. Hala ere, pozik geratu ginen, guretzat aitzakia ona izan baitzen inguru zoragarri hura bisitatzeko, halako egun ederrarekin, gainera.

ERRODAJE EGUN HAIEK

1973ko otsailean Fatima arreba eta biok Donostian genbiltzan apopilo, EUTGn Filosofia eta Letrak ikasi bitartean. Halako batean, zabaldu zen berria Hondarribian pelikula bat grabatu behar zutela, aktore famatuekin, eta estrak behar zirela. Printzipioz, bost egun izango ziren, polito ordainduta. Eta diru barik genbiltzanez, eta jakinminak bultzatuta, izena eman genuen gu ere figurante izateko.

Donostiatik hiruzpalau autobusetan batzen gintuzten oso goiz, Gros auzoan dagoen gasolindegi txiki batean, Zurriola hiribidean, eta hantxe joaten ginen, erdi lo, errodaje lekuraino.

Lehen egunean erabaki ziren bakoitzak beteko zuen rola eta jantziko zuen arropa. Niri lehen egunetan soldadu frantsez jantzia eman zidaten. Fatimari, garaiko neska baten jantzia.

Errodaje-egunak luzeak izan ziren, baina politak, guretzat dena zen-eta berria. Gainera, aukera genuen ikusteko zelan egiten zen zinea barrutik, bide batez garaiko izarren bat edo beste ikusita.

OROIMEN-TANTAK

  • Franklin J. Schaffner. Berau zen filmeko zuzendaria. Gogoratzen dut gizon handia zela, ingelesa baino ez zuena egiten. Laguntzaile-talde bat zeukan, gehienak espainiarrak, haren aginduak edo proposamenak betetzen zituztenak. Oso talde eraginkorra iruditu zitzaidan, kaos hartan ordena jartzen baitzuten.
  • Steve McQueen. Behin baino ez nuen ikusi, eliza eta Arma-plaza ondoan estra pilo baten artean pasatzen ari zela, excuse me eta excuse me esanez, oso adeitsu. Mundu guztiak hitz egiten zuen berari buruz, baina nik apenas ikusi nuen.
Steve McQueen, Papillon, San Pedro kalean errodatzen, Hondarribian.
  • Dustin Hoffman. Egun batean gure inguruan suertatu zitzaigun, oso apala, adeitsua. Gu hari begira denbora guztian, eta oso profesionala iruditu zitzaigun, harrituta zelan txertatzen zen preso-estra saldo hartan, bat gehiago ematearren.
  • Anne Byrne. Dustinen emazteak rol txiki bat izan zuen filmean. Orduan emakume oso guapa iruditu zitzaidan. Goiz batean, hotz dezente egiten zuen, eta bera Arma plazan zain eta zain, hotzitu egin zen, antza, eta baten batek gomendatu zion aterpe hartzeko harategi batean, Kale nagusia eta Arma plaza artean zegoena (atzo lokala itxita zegoen, behin betiko itxura guztien arabera), eta hara kafesne beroa eraman ziotela, dena harakinaren oniritziarekin, noski.
  • Greba errodajean. Ikusita errodaje-egunak oso luzeak zirela, laugarren egunean-edo greba egin genuen, diru gehiago eskatzeko. Hiruzpalau orduz, hor nonbait, errodajea etenda egon zen. Baten batek deskubritu zuen polizia nazional batzuk , garai hartako grisak, estra moduan ari zirela lanean, eta grebak iraun bitartean haiek ez zekiten non sartu, garai hartan greba guztiak legez kanpokoak ziren-eta. Halako batean, produktorak onartu zuen soldata-igoera, eta errodajeak aurrera egin zuen.
  • Argazkia. Nik eduki nituen bi argazki, lagun batzuek egindakoak errodajean. Batean bospasei lagun agertzen ginen (nahiz eta irudia oso lausotua dudan), eta bigarrenean bi lagun agertzen ginen: Rikardo Moraza dendari jantzita eta ni, soldadu frantsez moduan. Zoritxarrez, galduak ditut argazkiok. Fatimaren argazkirik ez dugu izan. Gogoan dugu, hori bai, egun batean Arma plazako balkoi batean egotea suertatu zitzaiola denbora luzez.
Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Erreportajea Irulegiko eskuaz

Oraindik ez gara joan Irulegira, bertan ikustera iaz zorioneko egin gintuen esku hura eta berau agertu zen herriska. Urtebete pasatu da zorioneko eskua agertu zenetik, baina gu, kieto.

Hala ere, larunbatean Teknopolis saioak, zeinak laster 25 urte beteko dituen, erreportaje bikaina eskaini zigun Aranzadi Zientzia Elkartea Irulegin egiten ari den lanaren inguruan. Berau ikusita, datorren urtean egingo dugun bisita askoz ere emankorra izango da, ziur nago.

Zuek ere, ahal baduzue ikusi erreportajea, oso ondo eginda dago-eta.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Lehen aldia Zinemaldian

Alfred Hitchcock Frenzy grabatzen.

Gogoan dut noiz, non eta zer ikustera joan nintzen lehen aldiz Donostiako Zinemaldira. 1972an Astoria zinera joan ginen lagun batzuk Amara auzora, bertan Frenzy ikustera (Eroaldia), Alfred Hitchcock zuzendariaren orduko azken filma.

Artean 19 urte nituen, eta sentitzen nintzen mugarri baten aurrean banengo moduan, 8 bat urterekin Arrasaten Ben-Hur ikustera joan nintzenean bezala —orduan Jose Luis Iñarra Mondragoeko parrokoak sarrera bana oparitu zigun Musakolako mezamutilei.

Gustura ikusi nuen Frenzy hura, erabat liluratuta hilketa gertatu ondorengo plano luzearekin, non kamera eskaileretan behera kalera eta harago iristen zen, alboko errepidearen beste alderaino, auto eta jende artean nahastuta, etxe hartan ezer gertatu ez balitz bezala.

Pelikula bukatutakoan, sekulako txalo-zaparrada oparitu genion zuzendariari, hura ere berritasuna niretzat. Kanpora irtendakoan, baten batek aipatu zuen Luis Buñuel ikusi zutela publiko artean, eta detaile hark ere lilura gehitu zion estreinaldi hari, nire gogoan iltzatuta geratu dena sekulorum sekulotan.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Hogei urte transplantetik

Fatima arrebarekin, Bermeoko portuan. (Argazkia: Bego Larrañaga)

Aurten hogei urte igaro dira hezur-muineko transplantea egin zidatenetik. 2002an linfoma bat antzeman zidaten, linfoma folikularra, eta, urtebete kimioa eta beste tratamendu batzuk hartu ondoren, medikuek erabaki zuten onena izango zela hezur-muineko transplante bat egitea, ziurtatzeko gaixotasuna ez litzaidakeela berriz agertuko. Zorte itzela izan nuen, familian bertan aurkitu genuen-eta emaile egokia: Fatima arreba gazteena.

Ostiralean, bada, Bakio aldera egin genuen, bertan nahi genuen-eta ospatu transplantearen arrakasta, Zintziri Errota jatetxean. Gustatu zitzaigun lekua, oso ondo apainduta baitzegoen. Antza denez, Zintziri XVII. mendean sortu zen, burdinola moduan; mende bat geroago, errota bihurtu zen, orain hogei urte arte, jatetxe bilakatu zela.

Ederto bazkaldu genuen, eta aukera eman ziguten errota martxan ikusteko, bertan baitago. Orobat, erakutsi ziguten goiko solairua, jangela itzela. (Baina bat, ordea, aurkitu genion jatetxeari, bai bertako webguneak eta baita kartak ere gaztelania hutsez baitaude).

Eta Bakiotik Bermeora egin genuen, denok ere aspaldi egon barik geunden-eta bertan. Portu inguruan paseatu, barran ibili, zaparradatik aterpetu, eta, ustekabean, danborrada ikusi genuen herriko plaza sekula ikusi bakoan, udaletxearen ondoan. Danborrada alaia eta bestelakoa. Opari bat.

Hogei urte pasatu dira, bai, laurok (Fatima, Mikel, Bego eta laurok) Santander aldera abiatu ginenetik, jakin barik oso ondo han zer egin behar ziguten. Zorionez, dena irten zen ondo, eta nik urte hauek bizi izan ditut opari. Mila esker Fatima (eta Bego eta Mikel), eta mila esker denoi!

P.D. Nire gaixoaldiaren inguruan 17 artikulu argitaratu nituen Sustatu blogean. Haietako azkenean, Agur esateko orduan, aurki daitezke artikulu guztiak, geroago liburu batean argitaratu zirenak, Medikuak esan dit minbizia dudala.

Fatima, Mikel, Bego eta laurok, Zintziri errota jatetxean, Bakion.
Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , , | 5 iruzkin

Oppenheimer

Atzo zinera joan ginen Bilbon, Oppenheimer filma jatorrizko bertsioan ikustera. Pelikula oso ona iruditu zitzaidan, primerako antzezleekin. Aurrera-atzera asko ditu, baina ondo antolatuta dago, ikusleeek haria traba barik segitzeko moduan. Eta musika, indartsua, pelikularen gaia ondo azpimarratzen.

Aurrez ez nuen gauza askorik irakurrita Manhattan proiektuaz, eta, hartaz, filmak argi dezente egiten du. Denen gainetik, gauza bat: behin militarrek eskatzen zuten “jostailua” eginda, zalantza etikoak zituzten zientzialariak bazterrean geratu ziren, militarrek gorrotatu egiten baitzituzten zientzialariak, komunistatzat jotzen zituzten-eta. Oppenheimerri gertatu zitzaion AEBetan, eta Sakhavori ere bai, Sobiet Batasunean, han beste aitzakia batzuk erabilita.

JATORRIZKO BERTSIOAN

Gezurra badirudi ere, berrogei urte pasatxo ziren Bilbon bertan pelikula bat jatorrizko bertsioan ikusi genuela, oker ez banabil All That Jazz, garai hartan ingelesik ez genekiela. Ez dakit zergatik, uste nuen lau katu izango ginela Oppenheimer jatorrizko bertsioan ikusiko genuenak, baina, kia. Hirurogei bat lagun elkartu ginen areto txiki hartan. Hori bai, azpitituluak gaztelaniaz zeuden. Euskararen arrastorik, bat ere ez.

HIROSHIMA ETA NAGASAKI

Justu gaurko egunez, orain 78 urte, amerikarrek lehen bonba atomikoa jaurti zuten Hiroshima hirian. Hiru egun geroago, Nagasakin bota zuten bigarrena, eta hantxe amaitu zen Bigarren Mundu Gerra. Harrezkero, badakigu munduan dagoen arsenal atomikoa nahikoa dela gure Lurra behin baino gehiagotan birrintzeko. Eta, hala ere, gaur egungo gerra-jokoetan ere, potentzia handien artekoak, presente dago meatxu atomikoa.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Berriro ere lankide ohiekin

Lankide ohiekin Aramaion.

Joan den ostiralean, uztailak 7, Aramaion izan nintzen, Etxaguen auzoan, bertan nintzen-eta elkartzekoa Mondragon Unibertsitateko nire lankide ohiekin, Ikus-entzunezko komunikazioa irakasten dutenak Aretxabaletako campusean. Pandemia zela-eta, hiru urte ziren elkartu ez nintzela eurekin, eta banuen horretarako gogoa.

Bateratze atsegina izan zen, oso. Gehienak aurkitu nituen nekatuta —normala, bestalde, ikasturtearen garai hauetan—, eta oso pozik, oporrak begi-bistan dituztelako. Gora iritsi ginenerako, janari eta edari gehienak ia prest zeuden.

Berba asko egin genuen, bai mahaiaren bueltan, eta larrinoan osatu genuen korroan ere. Horrelakoetan gertatzen den moduan, han ere elkarrizketa gurutzatuak nagusitu ziren: honekin hartaz, harekin honetaz… Aukera izan nuen, orobat, lankide berriak ezagutzeko, ordura arte whatssapez baino ezagutzen ez nituenak. 

ADIN-ESKILARA

Orain zenbait urte, konturatu ginen gure artean osa genezakeela adin-eskilara bat, zaharrenetik gazteenera 40 urte zabaltzen dena. Orduan atera genuen argazki bat, eta ostiralean egin genuen beste bat, goian agertzen dena.

Eskuinetik ezkerretara, ni naiz zaharrena, 1952an jaioa; gero Goio Arana dago, hamar urte gazteagoa; ondoren Aitor Zuberogoitia, ni baino 20 urte gazteagoa; Yera Sanchez, 30 urte gazteagoa; eta azkenean, Beñat Flores, ni baino 40 urte gazteagoa.

Amaia Pavonek eta Iñaki Etxebeste haren senarrak egiten dute magia gu elkar gaitezen Aramaioko mendien magaletan. Beste behin, mila esker biei!

Ezkerretik hasita, Beñat Flores, Yera Sanchez, Aitor Zuberogoitia, Goio Arana eta Joxe Aranzabal
Kategoriak MU | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Olinpo infernutarra

Joan Jordi Miralles, bere azken nobelaren ondoan (Argazkia: Planeta)

Ulisesek 13 urte ditu, eta Barçak fitxatu duenez, La Masia izeneko egoitzan sartuko da. Bertan egia bihurtu nahiko du bere ametsa: saskibaloiko jokalari profesional izatea. Baina lehen egunetik, kirolarien olinpo amestua (pentsa ezazue egoitza horretan izan zirela Messi,Iniesta, Gavi, Ansu Fati eta beste kirolari ezagun asko), bada olinpo hura infernu jasanezin bihurtuko da berarentzat: berak eta berak bezalako iritsi berriek era guztietako umiliazioak jasan beharko dituzte, zein baino zein nazkagarriagoa.

Joan Jordi Miralles dugu Triomfador nobelaren egilea. Ulisesek bezala, berak ere La Masiatik igaro zuen, Barçako saskibaloilaria izan nahi baitzuen, eta lehen eskutik bizi izan zituen guk era nobelatuan irakurri ditugunak. Kontatu ere, gorroto barik kontatzen du hango giro toxikoa, baina, niri behintzat, zenbait pasarte oso gogorrak egin zaizkit; arnasa hartu behar izan dut aurrera egin aurretik.

Liburua bikaina iruditu zait. Irakurlearen barrenak astintzen ditu, eta agerian jartzen ditu eliteko kirola sostengatzen duten balio suntsitzaileak.

Nik katalanez irakurri dut, baina gaztelaniaz ere aurki daiteke.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina