Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/08/21 11:09:56.909 GMT+2

MyYearbook, institutuan sortutako enpresa

Cook neba-arrebak gero eta ezagunagoak dira Montgomeryko institutuan ez ezik, non orain arte ikasi duten, baita AEBetan ere. Orain bi urte MyYearbook webgunea sortu zuten, institutuko gazteekin elkar eragiteko, eta gaur egun milioiak irabazten ari dira, publizitateari esker. Izan ere, MySpace eta Facebook webguneen ostean, MyYearbook-ek ditu orri ikusi gehien AEBetan. Hilean 3 milioi bisitari erakartzen ditu, gehienak 13 eta 22 urte arteko estatubatuarrak.

Familia kontua da MyYearbook, zeren Dave eta Catherine neba-arrebek izan bazuten berau sortzeko ideia, Geoff neba zaharrenak ipini zituen lehen diruak, 250.000 dolar. Diru horri esker, webgunea Indiako programatzaileek sortu zuten. Harrezkero, berriz, sail berriak erantsi dizkiote webguneari, gehienak erabiltzaileek eta institutuko lagunek proposatuta: boto lehiaketak, popularitate norgehiagokak, aldizkari pertsonalizatuak…

Erabiltzaileak sortutako edukiak
Cook neba-arrebek sinesten dute erabiltzaileak sortutako edukietan, eta hori gogoan ari dira webgunea moldatzen. Gaur egun 30 langile dituzte enpresan, horietako zenbait editore lanak egiteko, besteak beste txukuntzen erabiltzaileek bidalitako artikuluak eta idazlanak. MyMag aldizkari pertsonalizatuan kaleratzen diren artikulurik irakurrienek jasotzen dituzte 3.000 bat erantzun, halaxe dio Catherine gazteak. Gainerakoek 1.000 inguru.

Catherinek 17 urte ditu, baina gogor egiten du lan: ikasturtean, astean 25-40 bat ordu edo gehiago, denak MyYearbook sustatzen. Udan, berriz, 60 bat ordu. C/net aldizkariak egin dio elkarrizketa neska gazteari. Gehiago jakin nahi izanez gero esperientzia horri buruz, klik egin hemen.

Nork: Joxe Aranzabal.2007/08/21 11:09:56.909 GMT+2
Etiketak: ekintzailetasuna enpresa myyearbook | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak