2008/05/31 20:51:12.738 GMT+2
27 egun bete ditut etxetik kanpo, eta oso gogorra egiten zait Xabat ikusi barik egotea. Txikiaren hutsuneak, psikologikoki eragin handi du nigan. Egunero moduan, astelehenean 08:00etan iratzarriko da, eta biberoia hartu ondoren umezaintzara joango da Alaitzekin. Jeneralean, amama joaten da bere bila 12:00etan; baina, astelehenean, Euskalteleko txandala kendu barik, eta Milango aireportuan erositako opariarekin, ni joango naiz bere bila, eta esango diot: aitatxo etxian dau! A ze lasaitua hartuko dudan! Orduan iritsiko da atseden hartzeko momentua.
Egia esan, kontzientzia lasai dudan arren, lan hobe egitea espero nuen. Ihesaldi batean sartu nintzen, baina ez zen ondo irten. Bukatzeko, biharko erlojupekoa geratzen zaigu. Ni, topera joango naiz.
Blog honetako azken zutabea bukatu aurretik, eskerrak eman gura nituzke: alde batetik, Goienari, nire abenturak kontatzeko aukera emateagatik; beste alde batetik, bloga irakurri duten guztiei; eta, bukatzeko, animuak bidali dizkidatenei. Guztiei, mila mila esker, eta beste bat arte,
Markel Irizar
Nork: Markel Irizar.2008/05/31 20:51:12.738 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/30 21:53:17.416 GMT+2
Etapa gogorra izan da gaurkoa: zazpi ordu bizikletan, 244 kilometro egiteko. Euria egin du gainera, eta nik behintzak, sekulako katarroa harrapatu dut. Baina, zorionez, bi etapa besterik ez dira falta! Martitzenean hasi genuen atzerako kontaketa: bost, lau, hiru, bi... Eta astelehenean, etxera.....
Baina, oraindik biharko gogorra eta domekako erlojupekoa geratzen dira. Markelek ez dakit ze asmo dituen domekarako, nik bukatzearekin nahikoa izango dut. Biharko, beste etapa luze bat: 228 kilometro, eta Mortirolo igo beharko dugu, besteak beste.
Bukatzeko, gaur makal ikusi arren eta sailkapen orokorrean lau segunduko abantaila izan arren, Alberto Contadorrek irabaz dezake Giroa, erlojupekoan ondo moldatzen den horietako da-eta. Apustuak egiten hasi zarete?
Iban Velasco
Nork: Iban Velasco.2008/05/30 21:53:17.416 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/29 12:00:23.705 GMT+2
Hori geratzen zaio aurtengo Giroari, eta horri su ematen ahaleginduko dira goiko erretratuan atzamarra gora begira duten bi ziklistak (eta geratzen diren gainontzeko guztiak). Atzo formal-formal zebiltzan gurekoak, 22:00etan deitu eta inor ez telefonoaren beste aldean, ahots italiar gozo bat –emakumezkoa– Oñatikoaren telefonoa itzalita zegoela esaten (hori ulertu genuen, behintzat). Akaso, estaldura arazoa ere izango litzateke, baina horraino ez gara iristen
Kontuak kontu, gaurko etapak badirudi atzokoaren antz handia izango duela. Eta azken egun hauetako oasiaren ondoren etorriko dira berriro ere maldak, biharko etapan bai, behintzat. Eutsiko ote du Contadorrek? Badirudi italiarrek bat egingo dutela ziklista madrildarrak elastiko arrosa jantzi ez dezan –Milanen–; seguru baietz? zer uste dute horretaz Euskaltelekoek? Poztuko liratekete Contadorrek irabaziko balu?
Eta behin hasita, galdera gehiago:
-Ze asmo azken etapa hauetan?
-Azken erlojupekoa begiz jota?
-Aurtengo Giroan hartutako haserrealdirik handiena? zergatik?
-Italiarren artean, zein da Capo nagusia?
-Ezin ikusirik norbaitekin? (konta badaiteke, noski)
Ea galdera hauei erantzuten dieten, eta zuek ere, bota galderak beldur barik, Euskaltelek ordaintzen ditu-eta Italiarako telefono deiak ;-)

Erretratuan Alan Perez, Irizar eta Velasco.
Argazkia: www.fundacioneuskadi.com
Nork: xurzelai.2008/05/29 12:00:23.705 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/28 09:44:30.601 GMT+2
Nork: xurzelai.2008/05/28 09:44:30.601 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/27 20:27:25.911 GMT+2
Gaur atseden eguna izan dugu –zerbait esatearren, goiz dena autoan igaro dugu-eta–, eta dagoeneko sartu gara azken astean. Helmuga horren gertu ikusten dugunean, normalean planak egiten hasten gara, horrelako itzuli luze bat amaitutakoan atseden egunak zertan igaroko ditugun pentsatzen. Ibanek kontatu dizkit bere asmoak, eta neuk neure asmoen berri emango dizuet.
Girotik bueltan, Alaitzekin talasoterapia batera joateko asmoa dut, gorputzari atseden emateko. Horrekin batera, hainbat lagun Quebrantahuesos proba egiteko asmoarekin dabiltza, eta asteburu horretan gustatuko litzaidake Pirinioetara joan eta lasterketa gertutik jarraitzea. Asmo horiekin batera, baina, Ferrerias kaleko ostegun gauak ezin ditut burutik kendu.
Arrasatera bizitzera joan naizenetik bizpahiru aldiz gozatu ahal izan dut horrekin. Uda partea gertu, txankleta eta fraka motzak soinean Irati eta Basati taberna artean dauden portaletako mailak jendez topera egoten dira. Eta hor egoten naiz ni gustura, lagunartean, trankil, berbetan. Batzuendako lelokeria bat izango da hau, euren egunerokoa; baina ni askotan akordatzen naiz horrekin.
Laster afaltzera joango gara, pasta berriro ere. Eta, hemendik taldeko auxiliarrak ikusten ditut, terrazan, garagardo bat hartzen. Lasaitasun hori botatzen dut faltan.
Nork: Markel Irizar.2008/05/27 20:27:25.911 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/26 20:29:53.783 GMT+2
Plan de Corones-era igo gara gaurko erlojupekoan, guretako, plan de cojones. Irudiak ikusi badituzue, neu kontatzera noana sobran dago, baina esan, orain arte sekula ez dudala horrelakorik ikusi. 13 kilometrotako ibilbidean, hasierako 5 kilometroak asfaltatutako errepide batetik gora egin ditugu. horraino, ondo. Baina, hor hasi dira komeriak: eski estazio moduko batera iritsi gara, eta handik aurrera pista moduko batetik sartu gaituzte. %24 maldak zituen pista horrek, harri artean, 34 haginetako platoa eta 27ko pinoia eramanda ere, lanak!!! Kronometroaren arabera, tarteka 8 kilometro ordura joan naiz, esatea ere...
Italiarrak pozik, etapak audientzia ona izan duelako, baina lasterkariondako... Egia esateko, baina, bizitzeko moduko esperientzia izan da, dena izan da-eta berria. Akaso, egia da horrelako etapek, horren ikusgarriak izanda, egutegi barruan behar dutela. Eta, akaso beste etapa batzuk daude sobran; lautadan jakin esprintean amaitu behar dela etapa, eta hala ere, 240 kilometroko ibilbidea jarri.
kontuak kontu, autoak txirrindularia aldapan gora jarraitu ezin zuenez, mekanikoa motorrean etorri da gure atzetik, bi gurpil eskuan dituela, hori da show-a! Eta, kronoa amaitutakoan ziklistok hirunaka telekabina horietako bat hartu, eta behera. Alain, Markel eta hirurok egin dugu bidaia batera, jokaldia komentatzen.
Bihar atsedena izango dugu, baina oraindik etapak geratzen dira, eta borrokarako gogoz gaude.
Iban Velasco
Nork: Iban Velasco.2008/05/26 20:29:53.783 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/25 21:55:24.487 GMT+2
Gaur barkatuko didazue, baina familiakoak eta lagunak hotelera etorri dira bisitan, eta 40 minutu baino ez dauzkat eurekin egoteko. Hortan, labur-labur hona hemen gaurko etapan burutik zer pasa zaidan:
Gaur Corpus Cristi eguna izan da Oñatin, oñatiarrendako egun handia. Lasterketan, gaur bestelako gauzetan pentsatzen ibiltzeko asti handirik izan ez badut ere, tartetxo baten herrikideak ospakizunetan ibiliko zirela pasa zait burutik. Egun horretan, familia askok etxetik kanpora bazkaltzen dute: elkarteetan, jatetxeetan...
Horren harira, gaurko etapan guk ere nahikoa prozesio izan dugu. Gure artean, batzuk aingeruak ziruditen, bizikleta gainean hegan, erraz-erraz. Beste batzuk, aldiz, San Migelen armadura arrastaka eramango bagenu moduan ibili gara, ezin bizikletarekin aurrera egin, kosta egin zaigula aldapan gora joatea!
Helmugara iritsitakoan, Corpus Cristi-aren kontua buruan neukala zera esan diot Velascori: Nik bai daukadala gorputza kristo bat eginda...
Nork: Markel Irizar.2008/05/25 21:55:24.487 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (6)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/24 19:30:50.603 GMT+2
Gaur egin dugu Dolomitetan lehenengo etapa menditsua, eta oso etapa gogorra izan da. Sufritu egin dugu gaur, baina baita gozatu ere. Sailkapenean aurrealdean dabiltzan 20-25 lasterkariekin batera joan naiz gaur, hasierako taldetxoan, eta gustura ibili naiz. Orain arteko eroriko, entrenamendu saio eta bestelako esfortzuen saria da hori, momentu batzuetan lasterketaz gozatzea. Izan ere, askotan etapa amaitzeko deseatzen egoten gara, askotan izaten pasatzen zaigu burutik erretiratzea, eta dena popatik hartzera bidaltzea. Gaur ez.
Hala ere, azken mendatean atzera egin dut, leher eginda nindoan-eta. Hor, eskerrak hemendik joandako zaleen animoek bultza egin gaituzten, bestela ez dakit azken mendate hori igoko nukeen. Eta biharkoa sekulakoa izango da, zenbat mendate, eta ze gogorrak!
Ea ondo errekuperatzen garen gaur gauean. Orain, behintzat, hotela 50 kilometrora daukagu. Hori bai, Dolomitetan gaude, mendate artean, eta errepidean animatzen ibili diren zale guztiekin batera goaz errepidean. Honek luze joko du.
Nork: Iban Velasco.2008/05/24 19:30:50.603 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/23 18:18:19.566 GMT+2
Sprinterrendako azken aukeretako bat zen gaurko etapa eta, zoritxarrez, Koldo Fernandezek ezin izan du etapa irabazi. Hirugarren postuarekin konformatu behar izan da. Taldeak gogor egin du lan, baina azken metroetan Cavendishek irabazi du volata. Nahiko amaiera arriskutsua zen gaurkoa. Koldo hirugarren sailkatu da, Cavendishen eta Bennatiren atzetik. Modena eta Cittadellaren arteko ibilbidea (177 km) erritmo onean egin dugu eta hasierako kilometroetan erasoa jo dut, baina ezertan geratu da. Fisikoki ez nago oso nekatuta eta Milanera heldu bitartean saiatuko naiz berriz... Aurretik baina Dolomitak zain ditugu oraingo aste bukaeran.
Beste sprinter askorekin gertatuko den moduan, Koldo ez da biharko irteeran izango. Dolomitak ez dira sprinterrendako... eta hobe da indarrak beste lasterketa batzuetarako gordetzea.
Euskal Herritik zale asko etorri dira atzo eta gaur, tartean Oñatitik etorritako Txantxibusa. Etxekoen bisita beti da pozgarria, are gehiago umearen argazkiak... eta bizkotxoak ekartzen badizkigute. Gaurko etaparen aurretik gosari aparta izan dugu. Animuak jasotzeko, primeran! Dena behar izan dugu bihartik aurrera. Domekako etapa beldurgarria da: 150 kilometrotan 5.000 metro igoko ditugu eta hori gutxi balitz amaiera Mortirolon daukagu. Aldapan gora Txantxibusa jarraitzerik badaukagu, gaitz erdi! Andiamo, andiamo!
Nork: Markel Irizar.2008/05/23 18:18:19.566 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/23 10:30:21.953 GMT+2
Di Lucak esan dau hori. Eta egixe da. Hala be, Markelek eta Ibanek ez daue gauza bera pentsauko, oin arte irakurri dittugunak kontuen hartute.
Bixer, Alto di Pampeagon bukaerie (195 km). Oso-oso bukaera gogorra (7,8 km eta %9,6ko batez bestekue), baiñe aurretik Passo Manghen igo biherko daue (23,4 km eta %7,1eko bb).
Domekan, Passo Fedaia-Marmoladan bukaerie (153 km). Etapa laburre, baiñe Giroko gogorrenetaikue: Passo Pordoi (9,2 km, %6,9 bb), Passo San Pellegrino (11,8 km, %6,4 bb), Passo Giau (9,8 km, %9,4 bb), Passo Falzarego (10,3 km, %5,7 bb) eta Marmolada (13,3 km, %8,0 bb).
Eta astelehenien, Plan de Coronesera kronoigoera (12,85 km, %8,4 bb).
Martitzenien deskantsue eukiko daue, eskerrak... Baiñe ordura arte, hortxe dauketzue menue.
Sailkapen nagusixen lehian dauzenak izengo die protagonista egunotan: Contador, Klöden, Di Luca, Ricco, Bruseghin, Nibali, Savoldelli, Mentxov, Simoni, Pellizotti, Leipheimer... Baiñe baitte eskapadetan sartuko dienak be, eta hor egon biherko daue Euskaltel-Euskadikuek, igotzailliek, Garate eta konpañia.
Hala be, lasai, azkeneko aste gogorrien be eukiko daue-eta zerekin sufridu.
Nork: VDB.2008/05/23 10:30:21.953 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak