Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/11/14 22:54:14.284 GMT+1

Localiak lekua utzi

Aspaldiko kontua ei zen bankarrotan zegoela baina gaur arte ez da zabaldu Localiak ateako krisketeari bi buelta eman eta itxiko dituela Estatu espainiarrean dituen telebistak. Honez gero, Iruñeako Canal 4 nor erosiko zain dago. EAEn akzioduna den gainontzekoetan ere, hau da Localia Gipuzkoa, Txingudi Telebista, Canal Bizkaia eta Canal Gasteizen igarriko zuten kolpea. Eta, hemendik aurrera ikusi beharko dugu nolakoa den “telebista lokalak” deiturikoen merkatuan zelako eragina izango duen.

 

Canal +ek irekian estatu mailako telebista lizentziarik ez zuen bitartean, logika enpresarial eta politikorik bazuen Localia bezalako sarea montatzea. Tokiz-toki kokatzen hasi ziren kanal horien bidez, batzuetan espreski sortuta, besteetan lehendik zeundenen jabe eginez (Canal 4ren kasua) edota, akziodun modura sartuz (gure artean gehien erabili izan duten sistema), zeharka legea gainditu zuen. Jokaldi ona zirudien Localiarenak.

Kontuak beste modura ikusten hasi ziren Cuatro emititzeari ekin zioenean. Orduz gero, Localiaren sare paraleloa astunegia suertatzen zitzaien. Gainera, bien bitartean, hainbat komunitate autonomoetan tokiko telebistak arautzeko legedia onartua izan zen (2006ko azkenetan dekretua kaleratu zuela Jaurlaritzak eta lehenago baina akorduan ez dudan urtean Nafarroako gobernuak gauza bera egin zuen). Arauketa horien ondorioz ordura arteko “merkatu libreari” amaiera aurreikusten zioten hainbat telebista katek. Izan ere, legediak barne-ekoizpenari ordu kopurua, hizkuntza propioen presentziari portzentaiak eta gertuko edukiei pisu batzuk markatzen zizkien. Ez dakit baldintza horiek beteko dituzten, baina Localiakoek bezala Vocentok eta :Local Mediak ohitura modura zuten lan sistemari mugak jartzea zen. Ez zeuden horretara ohituta.

 

Gaur zabaldu da berria: Localia itxiko dute aurki.

 

Gure artean nolako eragina izango duen zaila da jakiten. Babesten zituzten kanaletan akziodun nagusiak ez izan arren, ez da gauza bera Localiarena bezalako indarra somatzea atzetik ala ez. Baina, tira, agian orain arte eduki izan dugun “tokiko” telebista atrofiko, alegal eta sustrai gabetuan gauzak zuzendu egingo dira. Ez dut uste bertako kanalentzako notizia txarra izango denik.

 

Kanalen lekua

 

Tokikotasuna da, zalantza barik kanalek landu beharreko osagarri bat. Gertu-gertukoen kasuan gehiago. Baina, edukietan bezala badago beste leku bat telebista-kanalek irabazi behar dutena: eguneroko prentsan telebista programazioari buruzko orrialdeetan agertzea.

Ezin izan ditut gurean argitaratzen diren egunkari guztiak aztertu baina, Iruñean eta Gasteizen argitaratzen direnaz aparte, besteak begiratu ditut eta gauza politak somatzen dira.Gainera, bide batez ETB3ren programazioa aipatzen ote duten fijatu naiz, kolpe berean.

Esaterako, Deiak estatu mailako kanalen parean Canal Bizkaia eta Euskaltel jartzen dituen moduan, letra eta leku txikiz aipatzen ditu ETB3, ETB Sat, Canal+, Telebilbao eta Tele 7. Tamainaren bidez bereizketak eginez, baina tokiko kanalei eta sortu berria den ETBren hirugarrenari lekua egiten dio.

Garak Estatu espainiarrekoez gain frantziakoen programazioa agertzen duen orrialdeetan lokalen aipamenik ez du eta ETB3ri ezikusiarena egiten dio. Arrraroa, ezta?

Berriak, bere aldetik, ETB1, ETB2 eta ETB3ren programazioa segidan eskaintzen du. Estatu bietako publikoak eta hainbat pribatu aipatzen dituen orrialde beretsuetan.

Noticias de Gipuzkoak, ETB3rik ez eta bai aldiz, txikian, Frantziako TF1, France 2 eta 3. Gainera Localiaren eta Euskaltelen programazioa zabaltzen du.

Diario Vascok bere aldetik, tipikoez gain, Teledonosti eta Euskaltel eta, txikian, mugaz bestaldetik datozen hiruri buruzko informazioa argitaratzen du. ETB3korik ez da ageri.

Aurrekoaren familikoa den  El Correorentzat (Gipuzkoako edizioan) ETB3 ez da existitzen eta bai ordea betikoez gain Bilbovisión eta Euskaltel.

El Mundo del País Vascon eta El País del ídem-en, ETB3rik ez da publizitatzen, bai ordea letra txikiagoan ETB 1 eta ETB2.

 

Total, errepasu arinenak ere erakusten du, tokiko telebisten aipamen urria eta selektiboa egiten dela. Eta noski, aipatzen diren tokiko kanalek egunkaria argitaratzen duen enpresarekin harremanen bat izatea nahiko normala da: País-Localia, Deia-Canal Bizkaia edo Vocento-Teledonosti-Bilbovisión.

 

Bestalde, oso gutxi dira urriaren 10etik emititzen ari den ETB3ren programazioari lekua egiten dioten egunkariak: Deia eta Berria.

 

Akasko, Localia desagertzeak telebistaren panorama aldatzeko balio izango du, baita egunkarietan kokatzen dituzten programazioetan ere.

Nork: edorta.2008/11/14 22:54:14.284 GMT+1
Etiketak: localia tokiko-telebistak etb1 etb3 etb2 | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (1)

2008/11/06 18:08:12.903 GMT+1

“Yes, weekend” (irakurri “Yes, We Can”)

Pare bat aldiz entzun dut Obamak hauteskunde gauean bota zuen speecha. Egia da oso ondo eraikitako diskurtsoa dela. A good example hainbat gauzetarako.

Hizlari ona da, no doubt about it!

 

Bereziki aproposa iruditu zait 106 urteko emakume beltzaren bizitzan gertatu izan direnen errepasua egitea. Ez du konparazio punturik Raxoik telebista-debateetan erabili zuen neskatilarenaz.

 

Eta, hitz eta esaldien erabileraz gain, aipagarria very iruditu zait geldialdiak eta isiluneak tartekatzearena. Rythm. Eta, on top of all, nola tartekatzen zituen “yes, weekend” esaldia, hain famatua  gertatu izan dena kanpaina luze eta neketsu honetan.

 

Normala da Obama ere kanpaina amaitu zedin dreaming about egotea!! 21 hilabetez luzatu omen da White Housera iristeko lasterketa. Eta bera da the winner.

 

Ba, bai, nik uste dut irabazia duela weekend on bat. Deskantsu eder bat.

 

Guk ere, irabazia dugun bezala, denboraldi baterako, Finis (Phoenix ahozkatu) eta Xikagou ez entzun behar izatea.

 

Eta, hara joan diren bidali bereziek (EITBkoez ari naiz; horiek inporta zaizkit gehien) ere hartu dezatela asteburua libre. Beraiek ere ondo merezia dute weekend eder bat. Ia informatiboki sufritu izan duten  Estokolmo sindrometik askatzen diren apurtxo bat.

 

Best wishes

Nork: edorta.2008/11/06 18:08:12.903 GMT+1
Etiketak: eitb hauteskundeak usa obama | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/31 20:32:12.222 GMT+1

Apokaliptikoak eta integratuak

Kazetaritzako ikasle nintzela irakurri beharrekoen artean zegoen artikulu honetarako izenburu modura aukeratu dudan Umberto Ecoren liburua. Nik bezala irakurri ez zuenak ere badaki autore horrek komunikabideen mezuen aurrean bi jarrera kontrajarri horiek ematen direla. Batzuk, Irakeko gerra, garzonkeriak, finantzen gorabeherak edo negutegi efektoak kataklismoaeta etsipena nagusituko diren sentipenak izango dituzte. Beste batzuk aldiz, ziklikotasunean, barne-erreforman eta sistemaren baliabideetan jartzen dituztela esperantzak.

Gaur egungo telebista-albistegiak ikusteak joera pare berbera sortuko du agian, baina nago beste bizipen bat nagusitzen ari dela. Eta beraz, egoera “honek ez du irtenbiderik” ala bere kontrakoa den “honetatik ere aterako gara” baino, indiferentzia nagusitzea. Eta bide beretik, albistegietako kontuak norberari gertatzen ez zaizkion bitartean, mundua normal dagoela pentsatzea. Brechtek honetaz ere idatzi zuen zerbait, ala?

 

Nork: edorta.2008/10/31 20:32:12.222 GMT+1
Etiketak: eco telebista umberto | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/25 18:47:54.453 GMT+2

Bakoitiak

Telebistari eskaintzen diogun  denbora beste zeregin batzuei kentzen diogu. Diotenez, irakurketa da galera gehien sentitzen duenetarikoa. Ez dakit hori guztiz egia den baina, gainera, ez zait asko gustatzen horren inguruan sortzen den moralina. Zabor-liburu asko dago eta telebista programa zoragarri dexente ezagutzen ditut.

 

Aisialdiaren erabileraren inguruko ezbaian, non kokatzen dira literaturari buruzko telebista programak? Sortzen dute Sautrela lakoxeek irakurtzeko gogoa?

Literatura irakurtzeko da soilik (bakarkako plazerra, bestalde) ala telebistaren kasuan bezala hizketarako gaia?

 

Lehengo astelehenean, Hasier Etxebarria gainetik kendu ezinean ibili nintzen, goizetik gauera. Hasteko, Sustatun agertu zen notiziaren haritik tiraka denbora pila bat eman nuen Begoña Ameztoy delako batek DVn idatzitakoak irakurtzen. Gero etorri ziren ETBko Hasierren erantzunak egunkarian bertan eta bere blogean. Lerroz lerro irakurri nituen  batek zein besteak esandakoak eta, egia aitortuz, lasaitu ederra hartu nuen Etxebarriak amaiera eman zionean usteltzeko bidea hartuz zihoan harremanari. Epistola gero eta pozoitsuagoak ziren elkarri igorritakoak.

Ez naiz beraz luzatuko gutunen tonuaz, handiagoak nork botako ote dituen lehia horretan beti neurria galtzeko arriskua dago-eta. Baina, tira gauza bat gustatu zait, aspaldiko partez, euskarazko telebista bat (kasu honetan ETB3 jaio berria) ikusezintasunetik atera da eta plazan mintzagai suertatu zaigu. Ez al zen Julio Iglesias izan  “que se hable de mí aunque sea bien” esan zuena. Eskandalu apur bat ez zaio agian gaizki etorriko ETB3ri Vocenton leku bat eskuratzeko.

 

Esandakoa, goizeko zati on bat horretan eman nuen Ameztoy versus Etxebarria pressing catch borrokaldiaren gain irakurtzen.

 

Gauean aldiz, ETBko kanal berria aukeratu nuen digitalean daukagun katalogo zabalean. Eta, ikusi nituen bi programak oso gustukoak izan nituen. Prime-timea zen eta orduan egokitu ziren “Sautrela” literatura saioa lehenengo eta “Haratago” (ez dakit nola kokatu tematikoki; bakarra ikusi dut eta ez dakit hemendik aurreakoetan sukaldariak erabiliko ote dituzten bizitzaz hitzegiteko) delakoa gero.

 

Sautrela

ETB1en eduki izan duen ordutegia dela-eta (zapatuko bazkalordua), ez dut askotan programa  hau ikusi eta aitortu beharra daukat ez dakidala asko saio honen orain arteko ibilibideaz. Egunkarian irakurritakotik edan izan dut gehiago programa bera ikustetik baino.

Baina, lehengo egunekoa ikusita, telebistako saio batek irakurzaletasuna bultza dezakeela  pentsatzera eraman nau. Esaten direnaz gain, iradokitzen dituztenak jakingura eta istorio berriak irakurtzeko gogoa eman ahal du-eta.

Paul Auster zen gonbidatua. Elkarrizketaren tonua, jorratutako gaiak eta telebista produktu gisa oso ekoizpen ona izan zela iruditu zitzaidan. Autoreaz ez dakit asko eta programan entzundakoaz gain ezingo nuke gehitzeko ezer berririk esan. Hori bai, sekulako gogoa sortu zidan bere libururen bat irakurtzeko, bakardadeaz eta bizitzaren ikuspegiaz idatzi  dituenak leitzeko. Bakarrik bizi garela zioen betaurrekobeltzak kendu barik eta frantsesez hitzegiten zuen iparamerikar idazleak. Enigmatikoa zen eta erakargarria.

Bakoitia eta literaturara azken denboraldian zaletu den neroni programak lehio interesgarri batzuk zabaldu zizkion.

Eta literatura programa bati hori baino gehiago eskatzea zaila egiten zait.

 

Baina tira, horrezaz gain, oso polita iruditu zitzaizkidan elkarrizketa egiteko kokalekua, erabilitako planuak, argiztaketa, irudiaren testura. Agian Sautrelan oso ohikoa izango da, baina niretzako deskubrimendu bat izan zen telebista programa horrek duen faktura estetikoa.

 

Haratago

Edukia eta osagarri formalak bereiztea oso zailak izaten dira telebistan. Izan ere, irudiak eta soinuak zein planotan mugitzen dira, edukiarenean ala formarenean?

Hilario Arbelaitz izan zen lehengo eguneko programa gorpuztu zuen pertsonaia. Bere ogibidea aldiz, bizitzaz eta munduaz duen ikuspegiaz gehiago jakiteko aitzakia. Interesgarria oso.

Lehengo zalantzara itzulita, Arbelaitzen hitzak eta offean entzuten zen Hasier Etxebarriaren kontakizunak programaren ildo argumentala, nolabaiteko mamia osatzen bazuen, non kokatu beharko genituzke gozatu ahal izan genituen irudien eta audioaren erabilera?

Izan ere, niri programaren erritmoa, erabilitako kamera kokapenak eta angulazioak, planoak (luzeran eta zabaleran) eta zuzeneko audioaren presentzia oso deigarria egin zitzaizkidan.

Ahaztuta neuzkan ETBk ekoitzitako programetan halako kariñoaz eginiko planoak, angularraren erabilera neurtuak, mikro-travellinak eta dokumentalik gaurkoenek erabiltzen dituzten dramatizazio puntualak eta errekreazioak. Oso zaindua. Audioak ere sekulako indarra zeukan, irudien gainetik testurak sortuz.

Orokorrean, sumatzen da sekulako produkzio lana dagoela Haratago bezalako programa baten atzetik.Erreferentziala.

 

Scheduling

Agian, Sautrelari eta Haratagori buruz sortzen zaidan zalantza bakarra programen hurrenkerarena da. “Urrezko ordutegian” aurkezle eta esatari bera duten bi saio programa segidan jartzea ez  zait programatzeko aukerarik errentagarriena iruditzen.

Nork: edorta.2008/10/25 18:47:54.453 GMT+2
Etiketak: hasier literatura telebista-saioak haratago ameztoy begoña telebista sautrela etxebarria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/20 15:20:54.418 GMT+2

Ez daki / Ez du erantzun


TDTa ikusten dudanetik, zailagoa egiten zait kanalak identifikatzea. Tele-hargailu zaharra nueneko TVE1, ETB2, Tele 5 eta GoiTB oso erraz ezagutzen nituen, mandoan jarrita neuzkaneko zenbakiaren arabera, identifikagarri gisa erabiltzen duten “euliagatik”, hizkuntzagatik eta promoengatik. Edukiak berak aspaldi utzi dio kanalen izaera identifikatzeko elementu gisa.

 

Digitalean jasotzen dudan uhinezko telebistan, tele-denda kanal ugari daude, ETBren lauak, eta Estatu mailan emititzen duten Antena 3, Tele 5 eta halakoen neba-aizpa digitalak: FDF, Telecinco 2, Antenaneox eta abarrak. 

Jaietan herriz herri ibiltzen diren saltzaileen pare, postu batetik bestera desberdintasun gutxi dago telebista kanal horien artean.

 

Kanal saltsa horretan zapeatzen nenbilela lehengo egunean, inkesten emaitzei buruz galderak egiten zuen lehiaketa batekin egin nuen topo. Formato ezaguna egin zitzaidan:  inkesta soziologikoetako datuak ia egiazkoak ziren ala ez  jakitean zegoen gakoa. Adibidez, ia "Valentziakoak ote diren Estatu espainiarrean sexu harreman gehien daukatenak". Lehiakideek galderan esandakoa “Egia”, “Gezurra” ala “Ez daki/Ez du erantzun” aukeratu beharra zeukaten eta asmatuz gero, puntuak gehitu. Gero dirutara  itzultzen ziren aipatutako puntuak.

 

Lehiaketa honek, telebistan asko ikusten diren “inkestak” ekarri dizkit burura eta, baita ere, lehengo egunean telefonoz neroni egin zidaten galdeketa bera ere.

Lehenetik hasiko naiz.

Albistegietan bereziki, baina bestelako programetan ere, jende artean zabalduen dagoen ustezko iritzia ilustratzeko erabiltzen dituzte inkestak. Eutanasia, arrazakeria, krisi ekonomikoa edota Osasunaren entrenatzailea izan daitezke galdegaiak.

Irakurketa soziologikoetarako baino, telebista kanalaren ildo editoriala zein den jakiteko izaten dira interesgarriak aipatutako “inkesta” horiek. Zein den kanal bakoitzak erreferente modura hartzen duen “gizartea” eta  bere entzuleei buruz daukan irudia nolakoa den erakusteko balio izaten dute kalean grabatutako ditxosozko bideoek.

 

Bada, bide batez, deigarria egiten zaidan beste gauza bat: zein erantzun errazak ematen zaizkien oso gai zailak  diren galderei. Gairik gaitzenari eta korapilotsuenari buruz ere telebistan agertzen zaigun jendeak zeresana izaten du. Beti dauka erantzuna prest.

 

Aipatu dudan bigarren gaiari helduko diot orain, telefonoz egin zidaten inkestari buruz hain zuzen ere. Kasualitateetan sinesten ez dutenen ildotik, kable bidezko telebista zen inkestaren gaia. Eta han, ezinezkoa zen “ez daki” ala “ez du erantzun” aukeratzea. Galdera guztiei zerotik bosterako puntuazioa eman beharra neukan. Eta larri ibili nintzen, ez baitaukat nik etxean ez Euskalteleko kablerik ezta ere Imageniorik ala Jazztelik. Hala esan nion inkestatzaileari baina hark "erantzule" bat behar zuen, nire adinekoa, sexukoa eta ogibidekoa.

Deseroso sentitu nintzen oso entzunez baino ezagutzen ez nituen plataformei buruz iritzia ematen. Programazioaren kalitatea, kontratuen prezioa, modernotasuna eta baliabide teknikoei buruzko galderak luzatu zizkidan eta han  ni, inkestatzaileari berari fabore bat egiten niola pentsatuz, 4, 3, 5 eta halakoak erantzuten.

Azkenean, galdetegia beteta, telebistan ikusten ditugun edozertarako iritzia emateko pronto dauden horietako bat naizela pentsatu nuen. Akaso ni ere “ez daki” “ez du erantzun” multzo horretan nire burua ikusteko bildur direnetakoa izango naiz. 

Nork: edorta.2008/10/20 15:20:54.418 GMT+2
Etiketak: digitala inkesta telebista | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/16 19:15:54.725 GMT+2

Gizonen kontuak

Gustatzen zait Emakundek bere sorrera-urteurrena dela-eta martxan jarri duen publizitate kanpaina. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin (eta uste dut SER Bilbaon eta Herri Irratian ere) entzun daitezke spotak, berdintasunaren mezua hainbat emakumeen ahotsean gauzatuta.
Hitz lauak. Etenik gabe, iraunkortzen doan bidea irudikatuz. Euri tantena bezalaxe.

Oraindik ere egin gabe dagoena erakusteko-edo, gaur, ETB1en eguerdiko albistegian entzun dut,  Al Gore Bilbon izan dela "enpresa gizon" andanari hitzaldi bat eskainiz. Minutu batzuk beranduago, saio berean, Unai Basurto munduari buelta eman guran abiatu dela "itsas gizon" ausartenek bakarrik hartzen duten erronkari ekinez.

"Euskararen erabilera ez sexista" gidaliburuaren erreferentzia hemen jartzea  pentsatu dut, akaso baten bati interesatuko zaio-eta.


*Bide batez, "Emakunde" ahoskatzerakoan "Emákunde" izango da, ezta? Eta ez "Emakúnde, ala?

Nork: edorta.2008/10/16 19:15:54.725 GMT+2
Etiketak: hizkuntza telebista etb1 emakunde sexismoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/15 14:10:17.146 GMT+2

Telebista, internet eta bi hauei buruzko liburua

“Internet y televisión: la guerra de las pantallas” izeneko liburua kaleratu dute oraintsu Imma Tubellak, Carlos Tabernerok eta Vincent Dwyer-ek (Bartzelona, UOC-Ariel, 2008).

Erdian-edo noa eta benetan pentsatzen dut gomendagarria dela.

 

Beste gai batzuen aretan, interneteko eta telebistako erabiltzaileen nortasuna eta kontsumo portaera aztertzen dituzte. Izan ere, egileen esanetan, kontsumoak berak markatuko du neurri handi batean medioen ( eta internet bera ere, noski) etorkizuna.

 

Non, noiz, norekin eta nola konektatzen garen, zenbat denboraz, zer egiteko, ikusle hutsak ala partaideak ote garen…galdera horien erantzunek markatzen dute nolakoa den kontsumoa eta neurri handi batean, nolakoa izango den medioa bera etorkizunean. Labur esanda, kontsumo-portaerak berak markatuko duela medioen izaera.

 

Katalan hauen liburuaren kontuak buruan neuzkala, eskuetara etorri zaidan datu bat jarri nahi nuen mahai gainean: geure artean nola aldatu den telebista jasotzeko sistema. Ez dut esango uhin analogikoz, kablez, satelitez ala digitalez telebista ikusteak zuritik beltzera aldatzen duenik panorama, baina tira, esanguratsua da oso.

 

Lehen nagusi zen uhin analogikoa jasotzeko antena zeukatenen kopurua (2001an %97,5) eta orain aldiz, ikaragarri jeitsi da, 2008an %48,4.

Aldiz, gainontzeko transmisio-sistemen artean gora egin du itzel kableak: urte bi horien tartean zerotik %39,7ra pasa da.

Maila apalagoan, baina noski itzalaldi digitala bi urte barru datorrenean beste batzuk izango dira kontuak, TDTa %8,3az, EAEn.

 

Total, errezepzio-sistetemetan aldaketa sakonak ematen ari dira eta etorkizun hurbilean areagotu egingo dira horiek. Gainera, telebista jasotzeko modu horiek aldatu egin dute etxera heltzen zaizkigun kanalen kopurua, eta edukiak, eta hizkuntzak eta horiek kontsumoan eragina izaten ari dira.

Kontsumoak (audientzia ikerkuntza arduratzen  da kuantifikazioa lan horretaz) sekulako  eragina  dauka egiten den eta etorkizunean ere egingo den telebistagintzan.

 

Tubellaren, Taberneroren eta Dwyer-en liburura itzulita, kontsumoak berak markatuko du telebista deitzen dugun hori nolakoa izango den biharkoan.

Nork: edorta.2008/10/15 14:10:17.146 GMT+2
Etiketak: dwyer etorkizuna tubella kontsumoa telebista inma audientzia tabernero | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/26 21:06:16.976 GMT+2

Kontainerra

ETB3 urriaren 10ean hasiko da  emititzen. Euskarazko kanal berriak hasieran uhin digitalez emitituko du (EAEko etxeen %8,3ko irismena dauka), baina Euskaltelekin ari dira negoziatzen kable bidezko (%39,7) seinalea analogikoan zabaldua izan dadin.

Euskalteleko digitala jasotzen duenak, kablez ere ikusi ahal izango du, baina pakete analogiko oinarrizkoa duenak, momentuz ezingo  du ETB3 ikusi. Harremanetan ari dira Euskaltelekoak eta ETBkoak digitalean zein analogikoan heldu dadin etxeetara, izan ere horrek sekulako irismena emango lioke euskarazko kanal berriari.

Hiru oinarri izango ditu kanal berriaren programazioak, ETBk bultzatu dituen beste horrenbeste “marka” nagusienen eskutik: Betizu, Gaztea eta EITB Kultura.

Multzo horietariko bakoitzean programa desberdinak sartuko dira, baina guztiek nolabaiteko etiketa, gai bateratzailea eta xede-taldea edukiko dute identifikagarri. Telebistaren kontsumoan ematen ari diren aldaketak (banaka ikustearena, euskarri  teknologiko ugari erabiltzea, kanalarekiko fideltasun galtzea, autoprogramatzea) eta transmisio sistemen ugaritzea direla-eta, telebistak zertan amaituko duen jakitea zaila da. Baina  bien bitartean, pozgarria da ETB1ez eta Goiena TBz gain (zein tokian tokiko beste kanak) hirugarren bat ere egongo dela jakitea. Euskarazko produkzioari beste lehio bat irekitzea ondo etorriko zaio.

Nork: edorta.2008/09/26 21:06:16.976 GMT+2
Etiketak: etb euskara tb goiena etb3 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/17 12:53:54.394 GMT+2

"Erruduna sentiaraztea zenuen lege..."

Memoria kolektiboan (telebistan agertzen diren irudiez osatua dagoena; 
 bestelakorik ez dagoela baitirudi) fresko ditugu, oraindik ere, Fórum   Filatélico eta  Afinsako aferaren irudiak. Azken egunean beste bi 
gehitu zaizkie, Lehman Brothers finantza enpresa erraldoiarenak eta 
espainiar epaitegi gorenak ANV-EAE legez kanporatzearenak.

Eta, honainoa heldu zaren irakurlea, leitzen segi eta jakingo duzu 
nola lotzen ditudan nik hiru horiek.

Posta-zigiluak diru trukean
Itxura oneko bulego batzuen kanpo aldea, forja eta guztiz jantzitako 
ate zabalak, metalezko plakak enpresaren izen disdiratsua agerian 
zutenak  eta, panoramika bat eginez, kontrapuntu gisa, inbertsio 
horietan kalteturik gertatu zirenak, pankarta ziztrin baten 
atzealdean, justizia eske (ikus El Paisek ateratako argazkia).

2006ko kontuak dira eta gogoan dut irudi horiezaz gain ikaragarri deigarria iruditu zitzaidala  
orduan  notizien testuaren sustratuan  ageri zen ikaskizuna: "dirua 
azkar egin nahi duen (klase ertaineko inbertsore hori) zekenkeriz 
jokatzen ari da". Milako batzuk inbertitu eta 
kale egiten duena "etorri berri" bat da. Miloiak  dituenak jakin badaki  "halakoak" ez direla fidagarriak. Klase kontua ere izaten da.
Notiziak  sekulako moralina  dosiaz jantzi zuten telebista- eta  
irrati-albistegietan.
Bide batez, orduan kartzeleratu zituzten exekutiboetatik zenbat daude gaur egun giltzapean?

Mahaia hustu behar izan  duten exekutiboak
Atzoko irudietan, AEBko Lehman Brothers finantzierak  
Londonen duen  bulegari eta  brokerrak ageri dira kartoizko kutxa 
txikietan beraien trastu guztiak sartuta, koadroren/argazkiren bat 
besapean eta harridura aurpegiaz espaloian oinez. Gazteak dira. 
Langabetuak gaurtik aurrera.  Atzo arte, pelikuletan agertzen 
zaizkigun bezalatsu imaginatzen ditugu, telefono bat belarrira 
pega-pega eginda  eta beste eskuarekin zenbaki batzuk markatuz, "buy,  buy" ahoskatzen duten bitartean.
Horiek kalean dira gaurtik aurrera eta, pentsatzen dut, beraiekin 
batera Iparramerikako hainbat inbertsore kontu-eske nora joan jakin 
ezean izango direla. Baina noski, horiek ere, dirua non inbertitu 
behar den  galdetzen ez dutenak dira. Zikoizkeri hutsez ari dira, esan 
gabe esaten dute albistegietan eta irratietako tertulietan.
Hedabideetako horiek orain  inbertsio asuntoetan jakitun hutsak dira, 
denek dakite munduko diruen gorabeheren zergatiak.
Beraien iradokitzen dutenez, "ikusten zen" halako zerbait gertatuko 
zela eta, nola ez, bete da   predikzioa.

Nekagarriak egiten zaizkit.



Agian, tonua eta jarrera  beste bat izango da hemengo kutxak, bankuak eta 
inbertsio fondoak, estatuko letrak eta enpresa txiki askotako akzioak 
pikutara joaten badira. Ez naiz  apokaliptiko jarriko, baina ondoko 
asteetako irratsaioetan eta albistegietan  seguru halakoak entzungo 
ditugula eta orduan ere klase ertainekoak, diru apur batzuk pilatu eta 
bankuetan gorde dutenak izango dute errua.

Izan ere, kexaka eta arduratuta ageri direnak ez dira bankuetako nagusiak 
izango, horiek dibertsifikatuta izango zituzten ordurako beraien 
diruak. "Jakina baita horrela egin behar dela", esango du 
inbertsio-aholkulari batek (mikroprograma bera  diruz babesten  duen  berbera).

"Oso guapo agertu zara, Josefran"
Agian hala esango zioten etxean prentsaurrekoa eman berri zuen espainiar  epaile nagusiari. Egia da kolore ona daukala Hernandok, udako  eguzki kolorea aurpegitik kendu barik. Azal motak izango du zerikusia.



Mikroz inguratuta ikusi dut, lasai samar garrantzi horretako agerraldi  bat egin behar duen batentzako. Baina, noski, hor ere, inbertsio  adituek eta tertulianoek ondo dakiten bezala, sententziaren nondik  norakoa izango zen ez da sorpresa izan. Oporretan joan aurretik ere,  eta askozaz lehenagotik ere, etxerako lanak ondo eginak zituzten.
Eta, hori oso  ondo zabaldu dute egunkari, irrati eta telebistek, 
sententziak "titiko ume batek bazekiena" esaten du:   errudunak 
direla. Errudunenak.

Harritzen nau Lehman Brothers, Fórum Filatélica eta Ike hurakanaren   errua ez leporatu izana.



P.S. Bat: Lehman Brothers-en webgunea zabalik dago hau idazten nabilen   honetan eta paradoxikoa  iruditu zait aurkezpen lerroetan esaten   duena: ?We actively participate in key fixed income markets worldwide   with a 24-hour securities trading presence and are uniquely suited to   meet the complex financing and investment needs of our clients?.

P.S. Bi: Noski, Ruper Ordorikaren kantu baten izenburutik atera dut   artikulu honena.


Nork: edorta.2008/09/17 12:53:54.394 GMT+2
Etiketak: brothers lehman telebista filatélica afinsa hernando eae-anv fórum irratia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/12 18:22:18.228 GMT+2

Aurkezle nagusia

Abuztuaren erdialdean, Berrian irakurri nuen Jaime Otamendik iluntzeko Teleberri  albistegia aurkezteari ekingo ziola segidan. Gaur aldiz, egunkari berean diote Otamendi baja hartuta dagoela eta Vanessa Sanchezek jarraituko duela aurkezpen lanetan,  bakarlari gisa hemendik aurrera.

Baja hartu izanaren arrazoiak zeintzuk diren ez dakit. Hori bai, joan-etorriko notiziak, aitzakia eman dit albistegiei buruz bizpahiru ideia desordenatu eta garrantzia oso desberdinekoak bata bestearen segidan botatzeko.

Ondoko lerrotan doazen gehienak Otamendi aurkezlea izango zenekoan idatzitakoak dira, amaiera apur bat aldatu dut, ikusten den norabidean.

 

Informazioaz

 Aitortu beharra daukat ETBk ez duela bere albistegien bidez  nire informazio-behar eta gogoak asetzea lortzen. “Gidoiari” oso lotuak ikusten ditut. Espero daitekeenetik askatu ezinean bezala.

Talde bereko irratiek, eta bereziki euskarazkoa, askozaz ere gehiago irekitzen dizkio ateak iritzi desberdinei eta kontrasterako dinamikei. Eta, amaitzeko esango dut albistegietan baino (astindu serio baten beharrean daudela pentsatuta nago aspaldi!) irratiko magazinetan egin du aurrera nabarmen Euskadi Irratiak.

 

J.I.

Teleberri albistegiak Julio Ibarraren alde egin izanaren ondorioak dabil sufritzen, oraindik ere (audientzia, irudi publikoa, proiekzio mediatikoa…). Inor jainkotzeko asmorik gabe, benetan pentsatzen dut, gaztelerazko kanalean, albistegietako ikuspegi profesionala eta landua eduki izan duen gutxietako bat dela/zela.

 

ETB2k, “itxura aldaketaren” izenean, albistegietako aurkezle-lanetan, hasi berri batzuk (ez txarrera hartu: gazteak, hitz-jario errazekoak eta ekintzailetasuna adierazten duen irudidunak esan nahi dut) jarri zituen Ibarraren ostean. Aurkezle berri horiek erredakzioaren egituran pisu gutxi, profesionalki esperientzia mugatua eta  informazioaren tratamenduan efektismoa eta itxurakerian trebeak zirela erakutsi zuten. “Tira, aurkezleak baino ez ziren” esango du inork! “Bai eta ez”, erantzungo nioke. Aurkezlea  ez da aurpegi huts bat. Publikoki erakutsi nahi denaren adierazle nagusienetakoa ere bada. Dekoratua, albistegiaren egituraketa, hainbat baliabide tekniko eta notizien edukia bera bezain adierazgarri da aurkezlea (berba egiteko tonua, ahozkoak izan ala gabeko enfatizazio moduak, adina, sexua eta hizkuntzen  ezagutza).  Notizia zentzunez eta esanguraz osatzen duen elementua da.

 

J.O.

Jaime Otamendi Euskadi Irratian asko gustatzen zitzaidan (Goizean Behin izeneko magazina hemengo irratigintzan erreferente bat izan da). Esatari bat baino dexente gehiago zen.

Lotuago  ikusi izan dut ordea telebistaz.

Potoloxeago zegoen garai haietatik, korbataz jantzita ikustera eta keinukera urduria erakutsi duen aurkezpen lanetara ohitu barik nauka.

Onartu beaharra daukat, Galdezka bezalako elkarrizketa-saioa (Otamendi, Artola eta Reparaz aurkezle zorrotz paperean), hori, helburu oneko saiakera bat zela eta emaitzetan baino asmo berria izatean baloratu behar dela.

 

Otamendi Teleberriko anchorman (hala esaten diote ingelesez kameren aurrean informazio-saioan gidari lana  egiten duenari, eta oso adierazgarria egiten zait izena) izan aurretik ere, seguru nago, albistegi zerbitzuetako zuzendari modura makina bat lan badaukala gainera aurkezlearena gehitzeko. Baina niri ideia ona iruditu zitzaidan zeregin horretan jartzea. Barnetik datorren berrikuntzen itxura hartzen nion.

 

Agian, beharrezkoa ikusten dudalako  ETB2ko albistegiek  proiekzio publikoa duen aurkezle bat jartzea, ikuspegi profesional sendoa duena eta heldutasunak ematen duen patxada erakusteko gauza dena. Luzaroan, erantzunkizuna eta ardura editoriala urtuegi egon direla pentsatzen dut.  Sinistuta nago horri buelta emateko garai aproposa izan  zitekeela oraingo hau.

 

Gainera, maila profesionalean nagusiki euskaraz aritu dena, gazteleraz ikustea berrikuntza bat iruditzen zait (bere horretan ez ona ez  txarra, baina desberdina). Orain arte linguistikoki dikotomikoak ziruditen bi kanal eta ofizialak diren bi hizkuntzen arteko zubia eraiki gurari heltzen zitzaiola  uste izan dut. Euskaratik esportatu. “Gabon-buenas-noches” sasoiak pasa direlako-edo. Euskarak erdarazko albistegietan sarbide erraztua beharko luke, ondo aurkezten duten esatariak (toponimoak, ahoskera eta entonazio egokia…), euskarazko adierazpenak erabili, azpitituluak, laburpenak eta bestelako errekurtso tekniko eta espresiboak pantailaratu. Euskara bertakotu, baita gaztelera nagusi den albistegietan.

 

Eta, behin jarrita, albisteen tratamenduan, sakondu, erritmoan galdu barik gertatzen direnen arrazoiak eta ondorioak landu.      

 

Hasierara itzuli

Egunkarian irakurri dudanagatik, Otamendik ez du astelehenetik aurrerako  albistegiak aurkeztuko. Vanessa Sanchez mantenduko dute lan horretan.

Again, testuinguru politikoa, hauteskunde-ekaitzaren aurreko impassa eta indar-biltze taktikak  nagusitu egin  dira gaur egungo aginte-guneetan. Eta, akaso, ETBren informazio politikan beharrezkoa ikusten dugun aldaketa sakonagoa da eta epe luzeagoak  eskatzen ditu eta hasi bai, baina  ezin da aurkezlearen aldaketara mugatu. Ez da lagun bakarrarentzako lana.

 


Nork: edorta.2008/09/12 18:22:18.228 GMT+2
Etiketak: artola reparaz etb2 albistegiak jaime teleberri otamendi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak