Fruitu debekatua

christfrontpage

“Ez duzue zuhaitz honetako fruiturik jango”. Debeku zaharra, baina oraingoan debekaturikoa ez da sagarra, txokolatea baizik.

Fundamentalista kristauek arrakasta itzela lortu dute gaur, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetan, adierazpen askatasunaren ustezko santutegian.

Cosimo Cavallaro eskulturgile italiar-kanadiarrak Manhattanen paratutako erakusketa ixtera behartu dute fundamentalistek, txokolatezko Jesu kristo bat dela eta. Cavallarok janarekin egiten du lan, eta ia 200 kilo txokolate erabili ditu Jesu kristo irudikatzen duen eskultura handia egiteko. My Sweet Lord (Ene jaun gozoa) jarri dio izenburu.

“Sentiberatasun kristauari inoiz eginiko erasorik okerrenetako bat da hau”, esan du Bill Donohue Catholic League taldeko buruak. Eskulturan Jesu kristoren sexu organoak agerian daudela gaitzetsi dute kristauek. Baina, batez ere, irudia txokolatezkoa izatea jarri ditu sutan.

Erakusketa aretoan ehunka mehatxu jaso dituzte egunotan, eta, azkenean, amore eman dute gaur.

Bitxia da afera, zalantzarik gabe. Kristauen gozogintzan santuen hezurtxoak jan egiten dira, baita mojen titiak ere. Kristoren haragia jatea eta haren odola edatea sakramentua da.

Baina txokolatea debekaturik dago.

Burmuina ere bitxia da. Honetaz pentsatzen ari naizela, etengabe datozkit burura gosaltzeko zereal marka berriak:

ChocoChristies?

TxokoKixmies?

Photoshopeko artistaren batek diseinatuko al du kutxa bat zereal horientzako?

Ni horretan ari naiz dagoeneko.

Erantzun bat “Fruitu debekatua” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude