Txillardegi eta ziminoa

Orain arte ez dut inoiz publizitate kutsu duen ezer sartu blog honetan baina bideo hau izango da salbuespena. Zergatik? Bideoaren gaiarengatik, hasteko. Bigarrenik, nire ustez lehen aldia delako euskarazko liburu bati bideo promozionala egiten diotela. Eta azkenik, blog hau aipatzen dutelako.

Txillardegi eta ziminoa plazaratu berri du Markos Zapiain filosofoak Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Hartuko dut astia datozen asteetan ere liburuaren inguruan idazteko. Gaur bideoa da kontua.

Badirudi modan jarriko dela liburuei promozio bideoak egitea. Irailaren hasieran ezagutu genuen Naomi Klein altermundialistaren azken lana The Shock Doctrine: The Rise of Disaster Capitalism, eta horretarako Alfonso eta Jonás Cuarónek egin zuten bideoa.

Ez naiz hasiko halako lanen balio estetikoa epaitzen (epaitzeko moduko balio estetikorik baldin badute, noski). Hor duzue Zapiainen Txillardegi eta ziminoa libururako egin dutena. Kasu horretan zalantzan jarri beharrekoa ez da ustezko balio estetikorik, baizik eta bideoak liburua promozionatzeko baliorik ere ote duen.

2 erantzun “Txillardegi eta ziminoa” bidalketan

  1. Bikaina bideoa, oso hirea, Laztanguren estiloa dariona, eta  beste alde batetik, zeozergatik aipatu nian nik panikoa:  oso parregarria dek Markos ziminotzen dean zatia, baina eskerrak ez naizen ni hire artearen “biktima”, hi haiz hi kabroia 😉

    Markosi elkarrizketan entzundako bati: idealizazio pixkabat ere bazegok, nere ustez. Ziminoak beharbada ez dituk guk uste bezain lasai bizi, aldiz, askotan ibiltzen dituk alkarrezkin burrukan, zeinek bisitariek botatako gusanitoak eskuratuko, hor adibidez antzematen zaiek estresa, eta beren ingurunean ere, nahikoa buruhauste izango ditek jatekoarekin, maitaleekin, lurraldearekn, etab.

    Bai, estresagarria izan zeikek telebistan azaltzea, baina inork kontrakoa transmititzen badik, (bere barne egosia ez gaituk gai ikusteko), bere jarreran, besteenganako errespetuan, hizketa egiteko modu lasaian, esan behar duena pentsatzeko egiten dituen isilune eredugarri hoietan, hori bera dek.

    Zorionak bideoarengatik, Eli.

  2. Trapero,

    Zapianen “barneko tximinoa” ateratzen ausartu naiz, azken finean, berak liburuan bere argazkiaren ordez tximu baten irudia sartu nahi zuelako.
    Denok dugu halako bat barruan eta hobeto biziko ginateke Markosek berez horren era osasuntsuan egiten duen bezala paseatzera aterako bagenu.

    Irudien manipulazioaren bidez edozein gauza egin daitekeela erakutsi nahi du nire ahalegin baldar horrek. Hedabideetan ikusten diren irudi guztiak dira muntaia, eta jendeari hori gogorarazteko ahalegina izan daiteke hau (eta mar, mar, mar). Kontuz hedabideekin!!!, alegia, irudien sazerdoteek egunero tximinotzen baikaituzte.

    Markosek oso ondo deskribatzen du liburuan txinpantzeen eta bestelako tximinoen gizartean ematen den indarkeria eta iherarkia bortitza. Bistan da, bonoboak zituen gogoan “tximinoen lasaiatasuna” aipatzen duen pasarte horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude