Txirrinduzaleen afaria 2007

Azaroan ohikoa dugun bezala, herriko txirrinduzaleok  denboraldia agurtu genuen egubakoitzean, Elorregiko Alkartasuna elkartean.


 



 


 41 lagun elkartu ginen giro ezin hobean afaltzeko eta tartean ziren Mikel Astarloza, Patxi Vila, Juanma Garate eta Lander Aperribai txirrindulari profesionalak, bizikleta utzi ondoren gaur egun kazetari lanak egiten dituen Iñigo Chaurreau eta amateur mailan ari diren Gurutz Larrea, Asier Penabad, Kepa Varela eta Unai Arantzabal, Lokatzako harrobitik irtendakoak laurak.


Felix Zubiak, Iñaki Pedrejonek eta Mikel Larrañaga Lokatzako presidenteak antolatu zuten afaria eta etorritako txirrindulari guztiek oroigarri bana eraman zuten etxera. Astarlozak, Vilak eta Garatek denboraldi bikaina egin dute eta hurrengo denboraldian garaipen batekin borobiltzeko itxaropena azaldu zuten. Lander Aperribaik (aita bergararra du, Jose Ramon) profesionaletan emandako lehen denboraldia gogorra izan dela aitortu zuen, batez ere bere buruari jarritako presioagatik. Opariaz gain, guztiek zaleon txaloak jaso zituzten afalostean. Era berean, Felix Zubiak Iñigo Larrañaga eta Asier Sanchez zoriondu zituen, joan den azaroaren 1ean Osintxun jokatutako ziklo-kros proba aurrera eramateagatik.


 


Txirrinduzaleok 1993tik egiten dugu denboraldi amaierako afaria Elorregin. Urte hartan Ramontxu Gonzalez Arrieta izan zen gonbidatu bakarra. Ordutik makina bat txirrindulari ekarri ditugu: Xabier Lazpiur, Jon Odriozola, Markel Irizar (oñatiarrek ezin izan zuten egubakoitzean etorri), Asier Guenetxea, Alvaro Gonzalez de Galdeano, Cesar Solaun, Roberto Laiseka…


 


Marino Lejarretak egiten zuen moduan Iñaki Pedrejonek eta Fernando Ezenarrok hiru itzuli handiak egin dituzte aurten: Giroa, Tourra eta Espainiako Itzulia. Pedrejonek gogoratzen duenez,  Espainiako Itzulian Laisekarekin egin zuten topo, antolatzaileek Ordino Arcalisen egin zioten omenaldian. Fermin Aramendi kazetaria han zebilen, Laiseka elkarrizketatu nahian. Eta Laisekak Aramendiri: “Egon, lehenbizi  hauekin argazkia ateratzera noa, bizi guztian animatu naute-eta”. Bergarar koadrila aski ezaguna da txirrindularien artean. Datorren urterako, Euskal Herriko lasterketak zein itzuli handiez gain, Flandeseko Itzulira joateko asmoa dute taldeko batzuek. Bitartean, atseden hartzeko ordua da orain. Txirrindulariek bezala, kilometro ugari utzi ditugu atzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude