Soraluzeko zubia

Goiena, 2013. 10.04

soraluzeLarunbatean elkartu ginen Soraluzen euskaltzale mordoa, TopaEguna ospatzen. Egun osoko egitarau mardula prestatzeko antolatzaile talde indartsua bildu zen: bertako Pilpilean elkartea, udala eta herri osoa; Debabarreneko eta Debagoieneko elkarteak, Topagunea federazioa eta euskaltzale ugari.

Mezuetan, gogo berritua nabari zen. Euskararen aldeko mugimendua biziberritu egin behar da, biziberritzen ari da. Euskaltasuna zoru komun bihurtu eta gizartearen erdian jarri indarra biltzeko. Gero, indar horrekin pertsonak motibatu eta egiturak akuilatu.

Gogoeta eragiteko, Jon Sarasuaren liburu berria aurkeztu zen TopaEgunean, zubi ondoko aretoan. ‘Hiztunpolisa’ hitz ezaguna bihurtuko da aste gutxitan. Ekarpen mamitsuak dauzka, euskaltasunaren norabidean asmatzeko.

Azkenik zubia bera. Soraluze herri estua izanik, zubiaren zabalunea baliatu dute plaza bat sortzeko. Orain zubia igaro bakarrik ez, zubian egon egiten dira. Eta oso kontzeptu potentea iruditzen zait: zubian egon, zubi egin, zubi izan. Esango nuke euskarak horixe behar duela: zubigintza indartsua, ibar ezberdinak lotzeko. Eta euskaltzale asko zubian, Soraluzen bezala.

Argazkiko txalupan Julen Arexolaleiba eta biok, Soraluzeko zubitik aterata.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude