Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/01/07 08:00:29.994 GMT+1

Guadiana

Batxilergo frankista ikasi nuen Tolosako eskolapioetan eta Iruñeko Ximenez de Rada institututan. Horregatik, sasoi horretako nire erreferentzietan -poesian esaterako- Abenamar dago, edo bajel pirata que llaman... Baita bizi ezinean zebilen Teresa mistika, edo hauts artean ezkutatutako harpa, portugaldar harritua Frantzian, baita Tenorio eta  Segismundo, de un cadáver sombrío y macilento..., eta enparauak.

Eta geografian, noski, Espainiako ibaiak. Horien artean deigarri zitzaidan Guadiana, bere lehen ibilbidean gorde-gordeka omen zebilelako eguzkiarekin, lur azalean agertu eta desagertu.

Hogei urte geroago ikastolan ikasi izan banu, beste batzuk lirateke nire erreferentziak. Baina, badugu Euskalerrian gorde-gordeka dabilen ibairik?

Bi lagun

Lan berriari buruz idatzi nuen eta bi lagunen iritziak eman didate zer azaldu. Mikel Iturriak, Harrikadak izeneko bere blogean, Santi Erasorekin jartzen ninduen versusetan, gure ibilbideak kontrajarriz. Bere aldetik, Luxiano lankide ohiak zuhurtzia gomendatzen zidan bere iruzkinean. Biei eskertzen diet hurbiltasun gozoa.

Bizitzan egiten ari naizen ibilbideak badu Guadianaren antzik. Zati batzuk oso agerikoak dira, besteak ezkutuak. Alditan, ibili naiz kausa batzuei guztiz emana, zeharo kanpolarrosa; eta besteetan, etxean babestu naiz, barne erbestean, ingurukoak goxatu eta haiekin gozatuz. Beti jakin izan dut –ez galdetu nola- noiz zegokidan bata ala bestea.

Geldi egoteko txarra naiz, ikastolan banengo zaindu beharreko hiperaktiboa nintzateke. Eta kanpoan zerbait emateko ordua iritsi zaidanetan, buru-belarri murgildu izan naiz, etxekoa sakrifikatuz. Beti, ordea, hiru baldintza beteta: gaiak merezi izatea, erabakia Fatimarekin adostea, eta denbora mugatzea.

Oraingo honek baditu hiru ezaugarriak. Uste dut Kutxan lan ona egin dezakedala, batez ere, euskararen alde; gai sentitzen naiz egiteko, eta aukera eman didate horretarako. Fatima konforme dago eta, nola berak bai gorde dituen astelehenak eguzkitan emateko, prest dago mahastian nire parte batzuk egiteko.

Azkenik, -but not least-, denbora mugatuan arituko naiz, gehienez lau urte. Bitartean, seguruenik kutxen bategitea etorriko da eta, agian, aurre-jubilatzeko aukera. Eta, edozein kasutan, epe horretan iritsiko da nire ibilbide profesionalari jarrita diodan iraungipen data. Orduan, Iturri eta Luxiano, zuen lagun guadiana hau berriro bilduko da bere etxe ingurura, leher eginda eta pozik.

Nork: mikel.2007/01/07 08:00:29.994 GMT+1
Etiketak: pedolibrean | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Guadiana eta Franco. Duela gutxi irakurri diogu Errali badagoela Guadiana del Caudillo izeneko herri bat Badajozen.

Nork: iturri.2007/01/07 18:10:45.158 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/iturri

Nik dakidala Urrobi ibaiak bere ibilbidearen zati bat ostenduta egiten du.

Nork: xiber.2007/01/07 20:00:04.931 GMT+1

Datu onak, biak ere. Lehena, arbuiatzeko. Eta bigarrena, erabiltzeko. Iragana ez dugu berridatziko, baina hurrengoan -agian- Urrobi aterako zait Guadiana baino lehen. Mila esker bioi!

Nork: mikel.2007/01/07 21:07:44.088 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak