Martxoak 8

Aspaldiko partez, kartel lehiaketa batera aurkeztu dut nire burua. Gaia, emakumeen nazioarteko eguna zen eta antolatzaileak Arrasateko Emakume Txokokoak.

Esan bezala, urte asko dira horrelako batean ez nuela parte hartzen baina, gaia eta proposatutako leloa gustukoa (eta inspiragarri) nuela, oraingoan, parte hartzea erabaki nuen.

Lehiaketetan gehien-gehien-gehien-gehienetan gertatzen den moduan, irabazlea norbera barik, beste bat izan da. Oraingo honetan, lan hau atera da, hain zuzen, garaile.

Emakumearen partehartze sozial bultzatzea nahi zela eta leloa “Zu ere beharrezkoa zara” zela kontuan hartuta, nire lehenengo tentazioa, Osaba Sam-en, “izeko” bertsioa egitea izan zen, hau da, neska bat kamerari zuzenduta eta eskularru desberdinez  adierazi nortasun eta lanbide desberdinak: harrikoa egiteko eskularruekin, mekanikoen eskularruekin, medikuen eskularruekin, traje dotoreenak, autoa gidatzeko eskularruekin…

Azkenean, eskuen bide errazegia baztertu eta oinen bidez, adin, lanbide eta era profil desberdinetako emakumeak erakustea nahiago izan nuen.

Oinak bakarrik erakutsiz, emakume ezberdinen lanbideak, adinak eta egoerak islatzea erabaki nuen, eta gainetik, kartelari begira eta agertzen ez zenari keinua eta jokoa proposatu: “zelakoak dira zuren oinak? zu zein zara? eta, zein da zure lanbidea edo egoera?  Errematatzeko, eta argazki huts baten azpian, leloa: Zu ere beharrezkoa zara”.


Martxoak 8

>> Handiago ikusi nahi izanez gero, hemen.

Lan honetarako ez nuen more koloretik ezta emakumeen ikurren bidetik jotzerik nahi. Izenbururako, Letritas blogetik egun batzuk lehenago debalde jasotako Romeral hizki-mota erabili nuen. Bat-batekotasun giroa emateko, berriz, gaur egun camp samar geratu den polaroid argazkien itxura erabiltzea erabaki nuen.

Kartela egiterakoan konturatu naiz, batetik, zenbateraino diren adierazgarriak jarrerak eta janzkerak eta, bestetik, zein miresgarria den aktoreen lana!… gezurra badirudi ere, argazkiak egiterakoan, eta oinak bakarrik ikusten zirela kontuan hartuta, foto batzuk oso natural geratzen ziren, beste batzuk, ordea, alde batera utzi behar izan nituen posea nabari-nabaria zelako.

Nik aurkeztutako lanak irabazi ez duenez, aprobetxatuko dut bekatutxo bat kontatzeko… ageri diren hanken artean, batzuk, mutil batenak dira! Baina beno, “gerente” moduan ageri dena,  gerente barik, izatez, erizaina da…

Horixe da, azken finean, publizitatea, egi bezala saltzen den ilusio bat.

2 iruzkin “Martxoak 8” bidalketan

  1. Goio A.

    Aldatu egin dut kartelaren argazkia.Nahastu egin nintzen eta kartelaren behin-behineko bertsio bat jarri nuen aurrekoan.

    Azkenean aurkeztu nuena orain ageri dena da eta, honetan bai, erabilitako letra-mota mezuan aipatutako “Romeral” izenekoa da.

    Erantzun
  2. Desplazatua

    Ba niri gustatzen jat zure proposamena; kolorez aldatziak gaiƱera beste ikututxo bat emoten jao. Eta, hainbeste hanka-itxura! Hori bai marka! Oinetako katalogo baterako be balekua, lanerako edozein oinetakok balixo dabela iragartzeko. Ze, zenbat aldiz sufritu dogu oinetako pizpirinak lanerako janzteagaitik?
    Oindio akorduan daukat A-1 autobide lanen zubi baten inaugurazinoetako bat udan izan zala eta, katiuskak jantzi bihar izan zitxuan sandalietan joan zan lankide batek bere komeriak kontatu zostanekua.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude