Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/10/10 22:37:25.826 GMT+2

5 puntu Blogstivalaren gainean

Arestian izan da Getxon Blogstival delako hori, "on-line gauden gazteontzako lehen off-line bilkura", blog + festival hitzetatik sorturiko izena.
Aitortu behar dut, ez nuen inolako gogorik joateko, mesfidatia bainaiz udaletxeak sorturiko horrelako ekitaldiez. Baina hala ere, gauza batzuk ditut komentatzeko:

1- Udalerrian, eskualdean, blogari euskaldunak (euskaraz idazten dugun blogariak) existitzen gara.

2- Blogari euskaldunak ez dira kontuan hartu jaialdi horretarako, webgunearen itzulpenak (euskarazko bertsioak botoien izenak aldatzen ditu bakarrik ia), ikastaro edota mahainguruen hizkuntzak... erakutsi duten moduan.

3- Ez da gazteontzako jaialdia izan. Nahiz eta gazteak izan omen diren ardatz, argi geratu da hasierako mahainguruan gazteei emango zitzaien garrantzia eta ahotsa (bost partaidetatik bakarra izan da gaztea). Ardatz horren aterkipean, paternalismo kiratsa izan duen zirko bat montatu da, blogari "aditu", edukatzaile eta bestelako pertsonaien bidez gazteon iritzia isilaraziz.

4- Ez da blogintza sustatu.  Lau egobloggerrek egindako mahainguru batean non beraien gazteei buruzko teoriak plazaratzen diren (eurak gazteak izan gabe) eta euren egoa puztuko duten kazetariz inguraturik egonda, ez dut uste blogintza herrira hurbiltzeko metodo onena denik. Are gutxiago euskal blogintzara, goian aipatu den bezala ekitaldi gehientsuenak erdara hutsean eginda.

5- Blogariak produktu baten kontsumitzaile soil izan gara. Ni, getxoztarra, gaztea, euskalduna eta blogaria izanda, ez dit inork esan honelako zerbait prestatzen zegoenik egitarau lokalizatuago bat egite aldera. Ez gaude blogari asko perfil honekin eskualdean, eta batek ere ez dit esan honelako blogari bat kontuan hartu dutenik egitaraua prestatzeko. Hots, Getxoko udalak (agian "aditu" taldearekin) aldebakarreko egitaraua egin du, gu -blogariok- ekitaldi horietara joatera mugatzen, era aktiboan prestakuntzan parte hartzen ukatuz.

Eskualdeko blogari gazte eta euskaldunak, bildu gaitezen (Blogstival justuago  baten alde bada ere)!

Nork: mikel.2007/10/10 22:37:25.826 GMT+2
Etiketak: nabarmendutakoa kritika blogstival getxo | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Euskarari ez diote tarterik egin, euren helburua "blogintza sustatzea" zelako. Gero kanpainak eta kanpainak egiten dituzte gazteok euskara erabili dezagun. Nola ulertzen da hori?

Gure herrian, eskualdean, blogari euskaldun eta gazte asko daude.Duda barik! Zein da arazoa? Blogstival hau enpresa batek antolatu duela, ez dela herrikoa, ez dela interesatu blogariak dauden edo ez. Dirutza batu, jaialdi kutre bat prestatu eta aurrera! Hori da azkenaldian Gazteria Zerbitzuak egiten duena: enpresak kontratatu, marroia kendu gainetik eta erdera bultzatu!

Gora Getxoko Gazteria Zerbitzua!

Nork: Nahikari.2007/10/11 00:33:13.926 GMT+2
www.goiena.net/blogak/begietatik

Esan dut ez garela asko perfil hori betetzen dugunok, beste bitarteko batzuk erabiltzen dituztenekin alderatuz (fotolog, myspace...).

Baina bai, tamalgarria da enpresei dei egitea horrelako gauzentzako.

Nork: mikel.2007/10/11 19:36:47.723 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/zubia

Oraintxe ikusi dut ni Euskara atalean sailkatua nago. Baina nik ez dut euskaraz hitz egin nahi (puntualki egiten badut ere) niri teknologia atala dagokit. Aurreko lagunek esandakoa sinatzen dut.

Nork: Teketen.2007/10/17 09:46:20.891 GMT+2
http://www.teketen.com

Kaixo guztioi, gure ustez, gauza batzuk txarto ulertu dira eta azaltzen saiatuko gara.

Hasteko, B-Side ez da enpresa bat,  Getxoko elkarte bat da. Gure helburua, teknologien berrien bidez gazteak hesitzea da, hain zuzen.

Beste aldetik. Blogstivalean, Getxoko elkarteen partehartzea kontuan hartu zen. Lehenengo momentutik, informazioa hedatu genuen Getxoko elkarteen artean, are gehiago. Kurtsoak egiteko, elkarte batzuekin kontaktuan jarri ginen, baina hala ere, ez genuen erantzunik izan.

Dena den, esan behar dugu, Blogstivala ez dela amaitu, eta hobetu behar dugun arlo bat, euskararen erabilera dela.

Horretarako, beti irekita egon gara, batez ere laguntzeko nahiaz egindako iritsien aurrean. Honela izanik, Blogstivalean parte hartzeko aukera badago oraindik.

Azkenik, gazteen partehartzea bada nabarmena izan. Ostiralean, blogen tailerrean 140 ikasle baino gehiago parte hartu zuten. Eta arratsaldeko ekintzetan 70 inguru. Gainera, ekintza hauek euskaraz egin ziren, normala denez. Amaitzeko, San Nikolas Plazan, egin genuen ikuskizunean (Grafittia, Brake-Dance eta audiobisualak) gazte pilo bat egon zen.

Hau guztia kontutan izanda, gazteak gure lehentasuna direla esan behar dugu, eta euskararen erabilera hobetu behar dugula badakigu eta horregatik, nahi baduzue, gera gaitezke honen inguruan hitz egiteko. Beste aldetik, gonbidapena zabaltzen dizuegu Blogstivalen Blogan idazteko.

Eskerrik asko zuen iritsiak botatzeagatik. Hobekuntza hortik datorrelako.


 

Nork: Tote.2007/10/21 12:39:45.725 GMT+2
www.bsidee.org

Adiskide agurgarri hori,

Lehenengo eta behin jakin ezazu blogstivala egitearen ideia ez dela Getxoko udalarena izan.  Getxoko gazte batzuek (B-SIDE elkarteak) Getxoko Udalean beren proiektua aurkeztu zuten eta oso interesgarria iruditu zitzaigunez aurrera ateratzen lagundu genien. Laguntza ekonomikoa eta logistikoa izan da, baina beti oso argi izan dugu proiektua beraiena zela. Horrek zera esan nahi du, onerako batzuetan eta txarrerako besteetan, Getxoko Udalak ez duela proiektua kontrolatu nahi izan. Eurek erabaki dute noraino nahi zuten laguntza eta noraino ez. B-SIDEko kideek lan eskerga egin dute beraien proiektua aurrera ateratzeko. Ezin da ahaztu denak boluntarioak direla eta, beraz, azken hilabeteetako denbora libre guztia blogstibalaren antolaketa lanetan eman dutela. Uste dut horrek baduela meriturik.

 

Hau esanda, zerbait gehiago gehitu nahi nuke zure blogean argitaratu duzunari buruz:

 

Bigarren puntuaz:

 

Web gunea diozunean www.blogstival.com guneaz ari zarela pentsatzen dut. Egia da web gune hori ez dagoela euskara hutsean, ezta elebidunean ere. Baina ez da egia zuk diozunez “euskarazko bertsioak botoien izenak aldatzen ditu bakarrik ia”. Izan ere, oinarrizko testu guztiak bi hizkuntzetan daude. Ondoren idatzitakoak, berriz, testuen egileak aukeratutako hizkuntzan daude. Hor askatsaun osoa egon da. 


Hirugarren puntuaz:

Inork ez du esan gazteentzako jaialdia zenik, inork ez du esan hasierako maha-inguruan gazteei emango zitzaienik garrantzia eta ahotsa. Mahai-inguru horretan blogekin esperientzia desberdinak izan dituzten pertsonak gonbidatu nahi genituen blogek aukera desberdinak ematen dituztela erakusteko. Gure helburua oso xumea zen. Pertsona horiek egokienak izan diren ala ez baloratzea norberaren esku dago. Baina B-SIDE elkarteak ekarritako ponenteak ziren eta guk hori errespetatu nahi izan dugu, inolako betorik jarri gabe. Ez dugu inolaz ere gazteon iritzia islatu ezta ixilarazi ere egin nahi izan. Edonork zuen aukera mahai-ingurura hurbildu eta nahi zuena esateko. Guk ahalegin guztiak egin genituen horren berri lau haizeetara zabaltzeko.


Laugarren puntuaz:

 

Helduek ere gazteei buruz hitz egin dezaketela aldarrikatu beharra dagoela uste dut. Uste dut desberdina dela gazteei buruz hitz egitea eta gazteen lekuan hitz egitea. Hori bereiztu beharra dago. Bestalde, mahai-inguruan ez gazteei buruzko inolako teoriarik aipatu.

 

Mahai-inguruan, zoritxarrez, ez zen kazetaririk egon.

 

Egia da mahai-inguruan euskarak ez zuela presentziarik izan. Kritika hori onartu beharra daukagu. Baina ahalegin handiak egin dira blogstivalean zehar euskarak dagokion lekua izateko (egindako 10 tailerretatik 6 euskara hutsean egin dira, ikastetxeetara bidalitako dokumentazio eta dossier guztiak bi hizkuntzetan egin dira, ikastetxeekiko harreman guztia euskaraz izan da...)


Bostgarren puntuaz:

B-SIDE elkartea Blogstivala antolatzen hasi zenean zenbait elkarte eta gazterekin harremanetan jarri ginen antolaketa lanetan parte hartzera gonbidatzeko (gazteekin eta gazteentzat lan egiten duten elkarte guztiak esaterako). 2007ko ekainaren 7an bilera bat egin zen eta aktan gobita hori jasota dago. Beraz, ez zait bidezkoa iruditzen esatea “aditu” talde baten lana izan denik. Ezinezkoa da blogen esparruan mugitzen zareten guztiekin kontaktatzea, ezagutu ere ez zaituztegulako ezagutzen, baina balio beza blogstivalak gure herrian blogintza bultzatzen hasteko.

Horregatik gonbitea luzatzen dizugu,B-SIDE elkartearekin izan dugun elkarren arteko lana zurekin ere izatera, arazorik gabe gurekin jarri zaitez harremanetan, herrian dauden eximen desberdinak aztertu eta beraiekin batera lan egitea gure helburu nagusiena delako.

Nork: Gazteria Zinegotzia.2007/11/05 09:28:29.369 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak