Zurrategiko kioskoa berritzeko lanak hasi dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 24a, 16:03

Kioskoa berritzeko lanak hasi ditu Udalak, egiten diren ekintzetarako moldagarriagoa izan dadin; berezitasuntzat, ekintzak bi alboetara egiteko aukera izango du. Uztailaren 13rako amaitu nahi dituzte lanak, herriko jaiak hasi aurretik.

Itxura berria izango du Zurrategiko kioskoak, berritze lanei ekin baitie Udalak 110.000 euroko aurrekontua zehaztuta. Era horretan, espazioa erabilgarriagoa bihurtu nahi du, Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez: "Proiektua aurrera eramatea erabaki dugu, herrian behar bat baitzegoen kioskoa erabilera anitzagokoa izateko, egiten diren ekintzei-eta probetxu gehiago ateratzeko; hori izan da helburua".

Lan hauek egiteko Goizperren laguntza izan du Udalak, eta Tekniber Ingeniaritza enpresak egin du proiektua, udal aparejadorearekin. Horrez gain, Udalak azaldu du kontratisten artean Zabalo Igeltsaritza, Solberg Galdaragintza, Gezadekor Margoak eta Toldos Segura daudela.

Erabilera anitzagoak

Erabilera "anitzagoak" izango ditu, beraz, kioskoak aurrerantzean, hori baita xede nagusienetako bat: egiten diren ekintzetarako moldagarria izatea. Horretarako, ebaki bat egingo dute egun eskailera dagoen eremuan, eta, hala, plazarantz hamabi metroko ahoa duen agertoki bat geratzen da; are gehiago, eskaileraren gainean puntualki oholtza bat ere instalatzeko aukera egongo da, gainean toldo hedagarri bat jarrita estalita gera dadin.

Horrez gain, jardinerak kendu eta barandak izango ditu perimetro guztian kioskoak, jarri eta kentzekoak. Baina bada gehiago: "Toldo batzuk ere izango ditu kontzertuak-eta egiten direnean erabiltzeko; halere, kioskoaren gauza berezienetako bat izango da alde batera zein bestera egin ahalko direla antolatutako ekintzak".

Bukatze-epea

Lan hauen bukatze-epeari dagokionez, apiriletik uztailera bitartean egitea aurreikusten du Udalak, eta, horrela, uztailaren hasierarako erabilgarri egotea. "Espero dugu uztailaren 13rako egina egotea, gustatuko litzaiguke ordurako bukatzea; jaiak baino astebete lehenago, hain justu. Horrela, egun horretan zerbait berezia egiteko aukera izango genuke herriko taldeen parte hartzearekin: musikariak, antzerkilariak, dantzariak...".

Egin beharrak aurreikusi moduan eginez gero, berriz, herritarrek jaietarako motorrak berotzeko aukera izango dute ziur aski astebete lehenago.

Kioskoaren askotariko aukerak 

Kioskoko egungo eskailerak zabaldu egingo dituzte, eta gainean oholtza bat puntualki jartzeko aukera izango du; teilatuan, berriz, toldo hedagarri bat. Alboetan barandak jarri eta kendu ahalko dira, eta baita toldo bertikal batzuk ere.

Kiosko berriaren itxura, aukera denekin. Irudia: Antzuolako Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak