Elkarlana delako inurrien bereizgarri nabarmenena

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko api. 29a, 13:10

Mondrako futbolari beteranoak eta Izan Inurri elkarteko kideak, Mojategin.

Minbiziaren aurkako futbol txapelketa solidarioa jokatuko dute hilaren 1ean Mondrako, Eibarko, Amorebietako eta Intxaurdiko emakume beteranoen taldeek; helburua da Izan Inurri elkarteari laguntzea, ikusgarritasuna emateaz gain, ekarpen ekonomikoa eginez.

Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute maiatzaren 1ean, eguaztena, Mojategi futbol zelaian. Izan ere, minbiziaren aurkako txapelketa solidarioa jokatuko dute, 11:00etan hasita, Izan Inurri elkarteari laguntzea helburu hartuta.

Mondrako emakume beteranoen taldeko jokalari Susana Santorrek azaldu duenez, Mondragon futbol klubak badu harremana Izan Inurri elkartearekin, besteak beste, zuzendaritza batzordeko hainbat kide elkarteko bazkide ere badirelako. "Alde horretatik, interesgarria iruditu zitzaigun elkarteari laguntzeko txapelketa bat antolatzea. Gabonetan, Ermuan, diabetesaren aldeko txapelketa solidario batean parte hartzeko deia jaso genuen, eta, horren harira, beteranoen talde sortu genuen. Hala, beste herri batzuetan horrelako ekimenak egiten dituztela ikusita, guk ere bat antolatu dugu".

Txapelketaren bidez, beraz, Izan Inurri elkarteari lagundu gura diote: "Sentsibilizazioa sustatzea, elkarteari elkartasuna eta babesa adieraztea eta laguntzea dira helburuak. Bide batez, haiek egiten duten lanari ikusgarritasuna eman eta lan horri balioa eman gura diogu. Izan ere, egoera pertsonalean laguntzeaz gain, ekonomikoki ere laguntzen diete minbizia dutenei, bizi-kalitatea hobetuz".

Mondrako zuzendaritza batzordeko kideak, emakume beteranoen taldekoak eta Izan Inurri elkartekoak.

Eguaztenean, ikusgarritasuna emateaz gain, laguntza ekonomikoa ere emango diote elkarteari. Batetik, txapelketak hainbat babesle ditu, eta bakoitzak bere ekarpena egin du. Honako hauek dira babesleak: Arrasateko Udala, Ibai-arte merkatarien elkartea, Goisolutions, Amuebladora Mondragonesa, Uribesalgo Aseguruak, Ereindajan, Begia Optika, Abian Service, Ikerra SL, Osorik taberna, Errekabarren, Bibai, BZ Sistemas, Araba Autobusak, Kajoi taberna, Abian Fisioterapia Zentroa, Buart Loradenda, Cristaleria Errasti eta Kopyprest. "Asko eskertzen diegu eman diguten babes eta laguntza guztia", dio Santorrek.

Bestetik, txapelketa egunean bertan zozketa bat egingo dute. Hala, goizean zehar txartelak salduko dituzte, euro baten truke, eta bi otarre zozkatuko dituzte: bata Ibai-artek emandakoa eta bestea, aldiz, Ereindajanek emandakoa. Otarre horiek, gainera, Mondrako hainbat produkturekin osatuko dituzte. Txartelen bidez lortutako diru guztia Izan Inurri elkartera bideratuko dute.

Ikuspegi feminista eta eraldatzailea

Izan Inurriko kide Argitxu Perosterena oñatiarrak dio halako ekimen guztiak "ongietorriak" direla. "Izan ere, bularreko minbiziaren geroz eta kasu gehiago daude, baita bularreko minbizi metastasiko kasuak ere, eta beharrezkoa da ikertzen jarraitzea".

Halaber, ikuspegi feministan jarri du arreta: "Emakume batek minbizia duenean, esaten dioten lehenengo gauza da ileordeak non saltzen dituzten. Gero, bularra kendu ostean, presio egiten diote bular berria jartzeko, eta, askotan, gainera, medikua bera da horretan lehena. Horrek amaitu egin behar du. Emakume batek emakume izaten jarraituko du bular batekin edo bularrik gabe ere, eta hori aldarrikatu gura dugu. Egia da geroz eta emakume gehiago ikusten ditugula bular batekin, eta enpresa batzuk ere hasi direla bular bakarreko bularretakoak ekoizten, eta hori ere oso garrantzitsua da guretzat".

Lau talde ariko dira Mojategin

Txapelketari dagokionez, lau taldek hartuko dute parte: Mondra, Amorebieta, Eibar eta Intxaurdi. 11:00etan hasiko dituzte partiduak, hogei minutukoak, eta talde guztiek elkarren aurka jokatuko dute, ligaxka eran. Zazpiko futbola izango denez, aldi berean bi partidu jokatuko dituzte. Mondraren kasuan, 11:00etan Eibarren aurka jokatuko du; gero, Intxaurdiren aurka; eta, azkenik, Amorebietaren aurka.

12:15ean izango da finala, hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen partiduarekin batera, eta, ostean, 12:45ean, zozketa eta sari banaketa egingo dituzte. Era berean, parte hartuko duten lau taldeei garaikurrak banatuko dizkiete.

Bigarren txapelketa izango dute Mondrako emakume beteranoek, baina, behin taldea osatuta, "berriz futbolaz gozatzen" jarraitu gura dutela aitortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak