Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/11/14 07:53:31.155 GMT+1

25 urte

Ez naiz AEDren fundatzaile, ez nintzen artean Arrasaten bizi. Elkartea sortu eta gutxira abiatu zen Arrasate Press, eta orduan igo nintzen euskalgintzaren autobus berritzailera. ATBko lehen txanpa eta laster etorriko zen Arko; eta horrek bai, bete-betean harrapatu ninduen: elkarte berriaren lehen presidentea izan nintzen. Eta hor ikasitakoa oinarri izan nuen gero Goiena sortzeko orduan.

Sasoi betea izan zen, sormen eta kemen handikoa. Une askotan bidegile izan ginen, eta eskuzabal jokatu genuen atzetik etorri zirenekin, denentzat erreferentzia bihurtzeraino. Oraintsu betetzen ditu 25 urte AEDk, eta ospakizun programa bikaina dator. Baina, pozarekin batera, kezka ere hor dago: non da orduko sormena?

Dena den, zorionak!

Nork: mikel.2008/11/14 07:53:31.155 GMT+1
Etiketak: atb aed euskalgintza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/11/07 07:47:32.177 GMT+1

Galdeketa

Bestea hutsean gelditu zen baina Eskoriatzakoa serio doa. Udalak herritarren iritzia jakin nahi du zaharren egoitzaren gainean eta prozesu eredugarria antolatu du.

Asteon, informazio orriak banatu dira eta prentsaurrekoa egin.  Datorrenean, bi hitzaldi egongo dira, alde bakoitzak bere ikuspegia azaldu dezan. Hurrengoan, bi mahai-inguru antolatu dira, herritar nahiz elkarteek iritzia emateko aukera izan dezaten.  Eta azaroan, lau egunez (19-20-21-22) bozketa egin ahal izango da Udaletxeko Pleno Aretoan. Udalak eta egoitzako patronatuak erabakitakoa berresteko konpromisoa hartu dute, parte hartzea esanguratsua baldin bada.

Zer esan? Ba leku askotan dela ohikoa galdeketa sistema. Eta inbidia galanta ematen dutela eskoriatzarrek!

Nork: mikel.2008/11/07 07:47:32.177 GMT+1
Etiketak: eskoriatza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/31 08:08:28.774 GMT+1

Kutxa, BBK eta Patxi

Batzarrak deituta, aste gutxitan hartuko da erabakia. BBKrena lotuta dago eta baietz esango dio bategiteari, baina Kutxarena ezin da segurutzat jo batzarra egin arte. Aspaldikoa zen EAEo hiru kutxen bategiteko plana eta, luzamendu askoren bueltan, azkenean bikoa izango da, antza.

Seguruenik gutxitan gertatzen direlako, bategiteak estimatu egiten dira gurean. Hau ere baietz esango nuke, oro har, eta areago krisi zaratatsuaren erdian. Afrontuari hobe egiten diote aurre bi lagunek elkar hartuta, bakarrak baino.

Eta lan gaitza hartu dute sozialistek kontra jarrita. Ezin benetako arrazoia eman –boto arabarra Patxi lehendakari izan dadin-, Vital egoera itsusian eta atzera egin beharra udaberrian. Ordain garestia, inondik ere.

Nork: mikel.2008/10/31 08:08:28.774 GMT+1
Etiketak: bategitea krisia | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2008/10/24 08:01:09.754 GMT+2

Distantzian hurbil

Esan daiteke etorkizunaren aurretik ibili zela UNED, urrundik ikasteko aukera eskaini zuenean. Internet eta ordenagailuak sortu baino askoz lehenago, Franco bera artean bizi zelarik sortu zen erakundea, 1973an. Besterik ezean, posta fisikoa zen lanerako kanala.

Bergaran kokatu zuen Euskal Herrirako zentroa UNEDek, plazako Seminarioan. Nik EGA azterketa prestatzeko bakarrik erabili dut, baina irudipena daukat askori eman diela bestela izango ez zuten aukera, unibertsitate ikasketak erdiesteko. Horregatik bakarrik, errespetu handia merezi du. Hori gutxi ez, eta ahalegin nabarmenak ere egiten dihardu hurbilekoari atxikitzeko.

Gaur hasten du ikasturte berria Bergaran distantzian hurbil ageri den ikastetxeak. Urte berri on! 

Nork: mikel.2008/10/24 08:01:09.754 GMT+2
Etiketak: uned | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/17 08:07:19.631 GMT+2

Chaho eta Aresti

Txiripak bilduko zituen urteurrenak ospatzerakoan. Hain zuzen, egunotan dira 150 urte Agosti Chaho zuberotarra hil zela eta 75 bete dira Gabriel Aresti bilbotarra jaio zenez geroztik. Eta nik koherentzia handia hartu diot oraingoan txiripari.

Biak ere idazle izaki, irakurle eskas honek ez dizkizue haien idazlanen merituak azalduko, lotsa hondarren bat badut oraindik. Aldiz, bi gizonek nire ustez dituzten balio konpartituak aipatu nahi ditut: euskaltzaletasuna ariman, modernotasuna jarreran, militantzia bihotzean, heterodoxia buruan, eragiteko indarra luman…

Behar bezainbat estimatu ez bazaie ere, majo astindu zuten bakoitzak bere sasoia, Agostik eta Gabrielek. Non dira gure garai nahasi honek behar dituen akuiluak?

Nork: mikel.2008/10/17 08:07:19.631 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/10 07:57:36.141 GMT+2

Danbaka III

Asteazkenean izan ginen Espaloian, Danbakaren edizio berria aurkezten, antzokiko Samu, MUko Idoia eta neu Kutxaren izenean. Eta oroimena atzera joan zitzaidan, lehen ediziora.

Apustu latza izan zen Goienaren aldetik. Nik uste dut bultzatzaile sutsuenak ere ez zuela espero horrenbeste taldek partehartzea, ez eta Elgetako puntan 400 gazte inguru bilduko zirenik kontzertu bakoitzeko. Gauzak ondo egin ziren seinale, baita lehiaketaren premia bazegoena ere.

Bigarrenak berretsi egin zuen arrakasta eta hirugarrenarekin etorri da esparrua zabaltzea, Debabarrena eta Durangaldera. Babesle eta laguntzaileak leial, lehiakideak urduri, ikusleak zain, Goienako makinaria prest… Ez dut zalantzarik, gu gaude erdigunean eta besteak aparte.

Nork: mikel.2008/10/10 07:57:36.141 GMT+2
Etiketak: musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/03 07:59:36.226 GMT+2

Erronda garestia

Lehenik, beldurra sartu digute: finantza sistemaren krisia sakona eta larria da, ondorioak imajina ezinak izan daitezke, konfiantza berreskuratu beharra dago luze baino lehen…

Bigarren urratsa, miraria saldu: inoizko plan eta neurririk ausartenak hartuko dira kalteei aurre egiteko, krisiaren bilakaera eten eta hazkunde egoerara itzultzeko, datorren urtean seguruenik…

Hirugarren: hori bai, erronda garestia da…

Laugarrena neuk botako dut. Bale, onar daiteke krisia eteteko dirutza publiko itzela erabiltzea, baina baldintzekin: kargu hartu behar zaie erantzule zuzenei, merkatua zorrotz arautu behar da berriro horrelakorik gerta ez dadin, eta ez dezala inork krisia erabili -bide batez- soldatapeko langileok izorratzeko.  

Nork: mikel.2008/10/03 07:59:36.226 GMT+2
Etiketak: krisia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/26 08:00:52.227 GMT+2

Artista arrasatearra

Ez da preziso hasi berria Iñigo Arregi arte lanetan. Badira 25 urte lehen erakusketa egin zuela eta geroztik hainbat zintzilikatu ditu, euskal inguruotan bezala Madrilen eta Parisen. Ezin esan, ordea, artista ospetsua denik. Seguru asko, Arrasaten gehien ezagutzen zaizkio Maritxu Kajoi jairako egin ohi dituen kartelak, pertsonai dotorez osatutako margolan ederrak.

Bikaina iruditu zitzaidan Josefe Diaz de Tuestak Atauri bere blogean jarri zuen Iñigori egindako argazki sorta. Eta orain asko gustatu zait Elorrion -Eroskiren bulego zentraletan- jarri dioten eskultura, bost metroko burdin herdoilduzko multzo iradokitzailea. Ederra benetan atzeko horma kristalezkoan hartzen duen isla.

Osperako ordua iritsi ote zaio Iñigori?

Nork: mikel.2008/09/26 08:00:52.227 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/19 08:00:28.256 GMT+2

ANV, agur

Asteon jarri dute legez kanpo alderdi zaharra. Hurbilekoa nuen umetan, osaba Xanti Acciónekoa baitzen. Alderdi modernoa zirudien jeltzaleen aldean, eta horregatik nuen gustuko.

Trantsizioan agertu zen berriro, nahiko ahul, pertsona xelebrez osatua. ESBrekin juntadizo laburra egin ondoren, HBren sorrerako kide izan zen. Eta hor iraun du neke handiz, harik eta eginkizun handitan sartu duten arte. Hain zuzen, ezker abertzale legez kanporatuaren marka bihurtu izanak ekarri dizkio ospea eta egurra.

Bestela ere, arrazoi ugari legoke oraintxe negar egiteko: esaterako, ikustea zeinen normal hartzen dugun beste alderdi bat legez kanporatzea. Baina, Xanti osaba gogoan, doakiola gaur nire malko bat haur nintzeneko alderdi moderno hari.

Nork: mikel.2008/09/19 08:00:28.256 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/12 08:00:57.117 GMT+2

Morboa

Haur nintzela, bazen kazeta bat –El Caso- bortxakeria eta odola gai bakartzat ibiltzen zituena. Ez zen asko saltzen, eta erosle apurrek kasik ezkutuan irakurtzen zuten. Izan ere, horrelako gaietan interesatuak ez zirudien buruz oso sanoa.

Egun, telebistako edozein albistegiren erdia aisa betetzen dute hilketa eta atentatuek, berdin da gerran, drogan, trafikoan, genero indarkerian edo psikopatia batean duten iturria. Eta xehetasun guztiekin emango zaizkigu, behin eta berriro, albistegi guztietan eta bertara joandako erreportarien ahotik zuzenean.

Morbo hau ez da normala. Iparraldeko lagun batek esaten dit sarri: Nola jar dezakezue istripu arrunt bat lehen mailako albiste? Horretan ere, gero eta espainolago jokatzen dugu, nonbait.

Nork: mikel.2008/09/12 08:00:57.117 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak