Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/05/16 07:41:32.974 GMT+2

Boto okerra

Goienkaria, 2008.05.16

Palestinak Hamas alderdiari eman zion garaipena azken hauteskundeetan eta Mendebaldeak ez du gustuko emaitza. Eta inongo disimulurik gabe, Israel, EEBBak eta Europa zigortzen ari dira palestinarrak oker botatu zutelako. Ospitaleak erregairik gabe gelditzeko zorian dira egunotan, besteak beste.

Debagoienaren botoa ere ez da sarri goragoko batzuen gustukoa izaten. Gogoratu bestela, Ino Galparsoro ez dela bakarrik Arrasateko alkatea, Mankomunitateko lehendakaria ere bada. Eta Debagoiena narrutik ari da ordaintzen bere boto okerra. Momentuz legealdi honetan egin beharreko lan asko hankaz gora gera daitezke sortu den giroarekin. Bestalde, autopista edo tren lasterrak albo batera, noizko Olandixoko tunela edota ibarreko tranbia?

Nork: mikel.2008/05/16 07:41:32.974 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/09 08:41:16.659 GMT+2

Goliat

Goienkaria, 2008.05.09

Ino alkatea kartzelan sartzea indar erakustaldia izan da, Goliat erraldoiak dira egungo estatuak. Espainiakoa, esaterako, gai da iritzi publikoa edonora eramateko, eta horrek erabateko inpunitatea damaio zernahi egiteko. Gai jakinetan, legebiltzarra jar lezake aho bakarrean eta komeni zaizkion legeak egiten, neurrira. Epaile eta auzitegiak ere zordun ditu, gehienak aisa lerratzen dira gobernuak markatutako estrategiara, bakarren bat aurrean jarri ere bai.

Hori guztia egun dute Inorekin. Harrika ibili, kakaztu, eta botoekin kendu ezin zioten alkatetza Garzonekin galarazi. Bale, ona da ohartzea nor dugun arerio, zenbateraino den indartsu. Eta, erne, gogora dezagun Goliat borrokatzeko David txikiak ez zuela preziso boxeoa aukeratu.

Nork: mikel.2008/05/09 08:41:16.659 GMT+2
Etiketak: ino kartzela garzon | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/30 08:08:43.367 GMT+2

Seko lotsatuta

Goienkaria, 2008.04.30

Itxoin egin dut iragarkiko etxebizitza saldu den arte. Ez nuen berriro gaia atera nahi, inork ez zezan pentsa lotsa aitortzeko aitzakiatan salmenta hauspotzen ari nintzenik. Seko lotsatuta egon naiz bitartean.

Idatzi nuen iragarkia, eta hark eman zidan artikulurako ideia. Eta orri berean ekin nintzaion, bata eta bestea toki berera joatekoak zirelako. Baina ez nintzen ohartu hizkien kontagailuak iragarkia ere barne hartzen zuela, eta osotasun hura hartuta Goienkariak osorik argitaratu zuen kontrazalean. Pentsa nola sentitu nintzen ostiralean iragarkia hemen ere aurkitu nuenean. Sinestuko ote zuen inork hanka-sartzea izan denik?

Saldu da, eta ez txoko honi esker. Akabo. Orain, berreskuratuko al dut zure konfiantza, irakurle.

Post scriptum. Blogean neronek argitaratzen dut, beraz ez nuen iragarkia sartu. Papereko irakurleari aitortzen diot akatsa.

Nork: mikel.2008/04/30 08:08:43.367 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/04/25 08:00:20.797 GMT+2

Goiena HUHEZIn

‘Euskal kulturgintzaren transmisioa’ masterrean izan naiz asteon hizlari, Eskoriatzan. Mintzagaia, Goienaren sorrera. Hitzaldia prestatzean, berdetu egin dut 1999-2001 tartean barru-barrutik bizi izan nuen bateratze-prozesua. ‘Giza abentura’ deitu nion bidaia horri aurkezpenean.

Zorteak nahi izan zuen ni parean tokatzea Goiena sortzeko orduan. Zorteak eman zidan aukera esperientzia betegarri hura bizitzeko. Izan ere, gure arruntean zerbait handia egin genuen: bateratu. Zintzo eta eskuzabal jardun ginen, zailtasunak gainditzen. Idatziaren gainean eztabaidatu eta astia hartu genuen ados jartzeko. Bi urte haietan ez zen bozketa bakar bat behar izan. Eta ez pentsa, 45 laguneko enpresa ari ginen sortzen.

Gozatu egin dut oroitzean.

Nork: mikel.2008/04/25 08:00:20.797 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/18 08:00:12.787 GMT+2

Mozioa

Lehen mozioa -etikoa omen- 24an izango da Arrasateko udalean. ANVk egin lezake orain artekoa baino zerbait gehiago: bere estatutuak gogorarazi. Hala ere ez luke ekidingo bigarren mozioa, baina bai nabarmenduko jadanik gaitzespenarena aitzakia besterik ez dela. PSEri aukera egokitu zaio eta lotsatu gabe -lotsagabe- erabili du, 'sin complejos'. EAJri eginkizun zatarra egokitu zaio -Madrilgo negoziazioa, barneko gerra- baina hala ere bereziki narras dabil. EBk dauka alkatetzarako giltza eta imajina daiteke nola izango duten belarria Josebak eta Anderrek.

Ino harrapatuta ikusten dut, lehen ordutan ezin izan zuen egoera bideratu eta honezkero gustura ere utziko du alkatetza. Jasaezina izan behar du hainbeste irainen jomuga bihurtzea.

Nork: mikel.2008/04/18 08:00:12.787 GMT+2
Etiketak: anv arrasate | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/11 08:35:17.426 GMT+2

Pulpitorik ez

Asteburuan asaldatu egin ninduen Ana Iribarren jarrerak Legebiltzarrean. Gregorio Ordoñez senar erahilari oroitarria jartzeko ekitaldian, senperenak eta bi bota zituen. Ibarretxeri esandakoak ez ziren preziso epelak -koldar ere deitu zion-, baina onartezina iruditzen zait esaldi hau: 'ETAren helburu politikoekin bat egiten dutenak, bat datoz garunean tiro jotzearekin'.

Ertz asko ditu esaldiak eta nik toki gutxi. Horregatik bakarrari helduko diot. Gaixorik gaude, eta konplejuz beteta, horrelakoak esateko gai dena mikrofonoaren aurrean eta albistegietan lehen lerroan jartzen dugunok. Pertsona horrek ez du mikroa behar, sikiatra baizik. Oker gabiltza horrelakoei auspoa ematen. Biktimei elkartasuna bai, psikopatei pulpitorik ez.

Nork: mikel.2008/04/11 08:35:17.426 GMT+2
Etiketak: biktimak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 08:18:33.346 GMT+2

Adreilua eta patua

Goienkaria, 2008.04.04

Arrasaten pisua erosteko ordua etorri zitzaidanean, oso garesti zeuden eta sasoirako sekulakoa zen prezioa ordaindu behar izan nuen. Handik zazpi bat urtera saltzea tokatu zitzaidanean, krisi galanta egokitu zen parean eta nekez lortu nuen kostatutakoa berreskuratzea, parra egitea. Denbora tarte horretan, ezagutu nituen urte bakarrean erositako prezioaren doblean saldutako pisuak Arrasaten.

Badirudi patua ez dudala alde adreiluarekin negozioak egiteko orduan. Izan ere, merkatua guztiz jota dagoen honetan, ez zait ba tokatu senitarteko etxebizitza bat saltzea?

Nork: mikel.2008/04/04 08:18:33.346 GMT+2
Etiketak: zoria etxebizitza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/28 07:26:08.699 GMT+1

Azahar eguna

Goienkaria, 2008.03.28

Aberri eguneko eguerdian ari naiz idazten, negu giroan hiru bilkura politiko ezberdin egiten ari diren unean. Negua ez dago egutegian –udaberrian sartuak bai gara-, ezta bakarrik termometroan edo elur usainean. Une gorria, negukoa, bizi dute balizko aberriak eta abertzale antolatuak: hauteskunde emaitzak eta Calahorrakoa, azeleratu ala frenatu arteko zalantza, Lizarra versus Ajuria-Enea…

Hogeita hamar urteko aroa amaitzen ari da, alferrik eutsiko zaio bere horretan orain artekoari. Hor ez dago aurrerabiderik. Hobe hausnarketarako patxada hartu eta ibilbidea, mapak, tresnak edo etapak birpentsatzea; mesede, ohiko moldeak apurtu eta asmatzea denok irabazteko modua. Atsotitzak dioenaren kontra, politikan zaharrak ez bai dira berri.

Nork: mikel.2008/03/28 07:26:08.699 GMT+1
Etiketak: aberri politika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/14 08:20:11.648 GMT+1

Innobasque politikan

Goienkaria 2008.03.14

Egoera bihurriak utzi ditu igandeko hauteskunde saioak Hegoaldean. Espainiako aginte banaketari dagozkion korapiloak joango dira askatuaz hurrengo asteetan. Eta hor hartuko zaio lehen traza legealdiko jardunari. Batez ere, zein Zapatero ikusiko dugun hurrengo hilabeteetan.

Gure bihurriak zuzentzen zailagoak izango dira. Alderdi abertzaleek onartu beharko dute porrot kolektiboa izan zutela, botoetan bezala abstentzioan ere. Eta diagnostikoa egiterakoan, ondo kontuan hartu NaBai bakarrik salbatu dela; baita herritarron botoa gero eta mugikorragoa dela ere. Datu horiekin, estrategia garaileak adostu beharko dituzte, egun erakusten duten txikikeriaren gainetik. Berrikuntzarako ordua iritsi zaie, lehengoak ez die balio.

Nork: mikel.2008/03/14 08:20:11.648 GMT+1
Etiketak: hauteskundeak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/03/07 18:45:55.629 GMT+1

Nahiago

Goienkaria, 2008.03.08

Askozaz nahiago nukeen, domekako hauteskundeetan aukera guztiak baleude lehian eta nahi duen orok botoa emango ahal izango balu, emaitzen kalitatea hobetuz. Normaltasun erlatibo baten adierazle ere izan zitekeen, hau da, demokrazia inperfektuaren baitan agintariek eutsi egiten diotela disidentzia suntsitzeko tentaldiari.

Botoa emango ez diodan arren, nahiago dut Zapaterok irabaztea Espainian, PP ez dadin garaile gerta. Uste bai dut beharrezko baldintza dela hori, pertza konpontzeko beste ahalegin bat egon dadin. Ez dut federik, nahia baizik. Eta nahiago nuke igandea pasatuta balego, eta alde guztiak geldituko balira besteen premia izateko bezain ahul. Askozaz nahiago nukeen ondoa jo ostean bageunde, goranzko bidean hasita.

Nork: mikel.2008/03/07 18:45:55.629 GMT+1
Etiketak: hauteskundeak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak