Makrojaien liturgia

Joan den osteguneko Mezularian Korrika jarri zigun Maitek mintzagai. Eta iritzi ezberdinak agertu genituen Ander Iturriotzek eta biok. Saioaren amaiera zen, eta motz samar gelditu zen eztabaida, baina bizpahiru tokitatik iritsi zait oihartzuna. Eta horiek estimatu egin digute iritzi trukea.

Nik esandakoak osatze aldera:

1. Makrojaiak ez dauzkat soberan
Hainbat euskaltzale pizten dute, euskara jai ludikoekin lotzen dute, euskararen eremuaren mugetan plazaratu egiten dute katakunbetako lana… Eta, segitu ezkero, luzatuko nuke zerrenda.

2. Makrojaiak ez zaizkit nahikoa
Milaka ziento asko dira/gara haurrak ikastolara bidali, makrojaietara joan eta aginteari euskararen aldeko aldarri egiten. Eta, hala ere, beste jende asko eta asko bizi da  inguru askotan euskara badenik ere gogoratu gabe. Horientzat ikusezinak gara; eta makrojaiak, paiasiaren zati, nabarmentzen ez den zerbait.

3. Ikusezina nabarmendu
Euskaraz bizi garen edota bizi nahi dugun heinean, erronka da eman da zabal zazu zaharra, tokian tokiko estrategiak eta orokorrak ondo uztartuta. Baina, ororen gainetik, ikusgarritasuna behar dugu, armairutik irten, inguruko guztiek jakin dezaten euskaraz gustura -gusturago- egiten ditugula gauzak, eta haiek zerbait ona galtzen dutela euskara jakin edo erabili gabe. Herri honetan 500.000 lagun, banan-bana, toki guztietan eta une oro, hizkuntzaren armairutik irteten garenean, zerbait sakona aldatuko delakoan nago.

Hori azaldu nahi nuen Mezulariako denbora agortu zenean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Makrojaien liturgia-ri

  1. egilea: Benito

    Konforme gehienean. Oraintxe ikusi dut ETBn Korrikari buruz prestatu duten erreportaia. Ondo egongo litzateke halakoak erdaraz ere ematea (ETB2ko programazioan ez dut ikusi, ez dakit emateko asmorik daukaten), edo besterik gabe erdaldunei euskal munduan zer dabilen azaltzen dien zerbait gehiago zabaltzea.

  2. Barkatu atrebentzia Mikel.
    Astea igaro da, ni ere entzule ninduzun. Kanpazarren behera. Egunero entzun ohi dut Mezularia. Astean hainbat aldiz entzuten zaitut zu ere.
    Eta astea eman dut mihiari eusten. Gaur zortzi entzundakoak, hauek irakurrita… ezin gehiago eutsi. Erantzun eta nire iritzi apala emanen dizut.
    Elorrio parean nengoen, ezin eutsita; autoa aparkatu eta Parran trago bat eskatu nuenean… egia esango dizut, ezin nuen gehiago jasan.
    Astea igaro da, eta orain sartuko naiz eztabaidara.

    Atxagaren aipamenak

    Kontestuan jartzeko, Bernardo Atxaga euskaltzain berriaren hitzak jarri zituen Maite Artolak. Harenak gogoan izango dituzu. Kritiko agertu zinen lehenago ere, haren hitzei ematen zaien tratamenduagatik. Antzera gabiltza gero tertulianook! Hain da garrantzia gure irrintzia. Denari buruz dakigu.

    Fabian Laespada  eta biok, negargarri aritu zineten. Euskaldun aseptiko, euskaldun normalizatuaren figuran. Baina barkatu bon ami, gurea ez da egoera normala.

    Paisaia
    Paisaia aipatu zenuen, aipatzen duzu. Ohikoegia bilakatuko dela euskararen aldarrikapena -zuk jaia diozu- gure paisaian. Barkatu atrebentzia, 27 urtean Korrika ez da inoiz Karrantzatik igaro. Holako berotasunarekin hartu dute bertako herritarrek, euskaldunek, euskaldunberrituek, herritarrek… kezka eragin dit horrek. Aurretik eta ostean.

    Korrika Euskal Herrian
    Korrika zuzenean ezagutzeko parada izan dut azken 10-15 urteotan. Korrika 9an, Korrika 12an, Korrika 13an eta Korrika 14an Euskal Herri osotik ibilia naiz 10 egunez. Egunez eta gauez.  Blog oso bat beharko nuke, unean uneko keinu, irribarre, gogo, desio, zalantza, negar malko, irrintzi, kilometro, izerdi, militante, euskaltzale eta esfortzu guztia adierazteko. Oraindik ez zait ohikoa egin, oraindik aurpegi berriak ikusten ditut oharkabean.

    Aldarrikapena. Euskararen egoera.
    Ofizialtasuna letra handiz ikusi genuen hasiera hasieran. Lehenengo kilometroan. Enkarterrietan, Bizkaian, euskara ofiziala baden lur eremuan. Ofizialtasuna eskatzen dut  nik oraindik, neure herrian ere. Ofizialtasuna eskatuko dugu Ipar Euskal Herrian asteburuan, ofizialtasuna Iruñean amaieran. Ofizialtasuna behar du euskarak bere eremuaren zati handienean. Ofizialtasuna ala ezin berreskuratu.
    Egoera ez normalizatua da. Eta euskararen alde denak ez du balio. Hori argi daukat. Kezka sortzen didaten niri ere makrojaiek. Baina Arangoiti ikastolako -Irunberri- negarra ez zen festa izorratu zitzaielako, ametsa debekatu zitzaielako baizik. Jendearen oihartzuna, jendearen erantzuna txalotzekoa izan zen. Fito y fitipaldisen kontzertu bat suspenditzen bada, negar egingo dute batzuek… ez dute horrela erantzungo. Ziur ezetz.

    Beraien umeak euskaldundu gura dituzten guraso asko ezagutzen dut. Zuk ere ziurrenik. Korrikan beraien urratsak, umeen ondoan, lankideen ondoan, irakasleen atzetik… ez dira debaldekoak.

    AEKren sustengurako Korrika

    AEK-ko irakasle eta militanteak milaka dira oraindik Euskal Herri osoan. Beraien baldintzak hobetzeko, lan baldintzak, programa eta hezkuntza baldintzak, ikusentzunezko, tresna berriak eta enparauak eskuratzeko baldintzak, euskaltegiak sortzeko baldintzak… guzti hori hobetzeko da Korrika. Ez da komenio igoerarako erabiltzen. Ez da kirola. Ez da markak hausteko. Korrika irauteko da, aurrera egiteko. Euskaldun gehiago sortzeko. Ez da jaia, gutxiago makrojaia bere zentsu peioratiboarekin.

    Korrikaren arrakasta
    Eta Euskal Herri osoan, bere eremu bakoitzean eta guztietan, ilun, euritsu, elurtu, lehor eta hotzetan Korrikak aurrera egin du. Ez da gelditu. Ezin izan dute gelditu. Eta arrakastatsu suertatu da. Ez da kasualitatea. Egongo da arrazoirik. Ez da marketing hutsa izango. Uste dut, izango dela euskarak jendea kalera ateratzen duelako, adin guztietako euskaldun, euskaltzale, lagun eta enparau zeozer egiteko prest dagoelako. Hori pentsatu nahi dut.

    Gaur ere, Kanpazar lasai jeitsiko dut. Eta agian hurrengoan Elorrion lasaiago eskatuko dut Mendraka txakolin kopa bat. Topa egiteko.

  3. egilea: mikel

    Ni aseptiko eta zu euskaldun jator?

    Nik ez dizut esango negargarri aritu zarenik, bihotzetik idatzi duzulako. Bihotza behar du euskarak, Korrika, jaia, sentimendua, emozioa… Baina hori bakarrik ez du aski, horrekin bakarrik ez du irabaziko. Eta hau esateagatik ez nazazu kondenatu infernuko zulora.

    Amaitzeko: hurrengoan ez hainbeste eutsi, idatzi sarriago eta laburrago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude