Manifa eta… revolta

Bilbora iritsi gara garaiz. Ni, asaldatuta Euskadi Irratian 13:00etako albistegian entzundakoarekin. Hauxe eman du titular nagusia: ’22 autobus antolatu dituzte gurean PPk eta AVTk Madrilgo manifestaziorako’. Bilbokoa, ez da aipatu ere! Gutxienez, esan ezan/k: ‘Bi manifestazio gaur arratsaldean’ edo antzeko zerbait!

Bilbon, kafea hartu bitartean, Berriari bistadizoa eta… manifarik ez! Ez azalean, ez barruko izenburutan. Pentsa, zalantza ere egin dugu ea egunarekin nahastuta ote geunden! Azkenean, txoko batean zutabe ñimiñoa, eta han aipamena.

Zerbait arraroa egon da manifa honekin. Berez, izan zitekeen alderdi askok babestutakoa eta jendetza handia biltzen duten horietakoa. 18/98+ sumarioko auzipetuek amaierako hitzaldian oso zintzo adierazi diete elkartasuna Ibarretxe, Lopez eta Ares-i, guztiak baitira bunker judizialaren biktima. Azkenean, manifa txukuna izan da, baina nire ustez aukera bat galdu da.

Eskerrak astia izan digun zinemarako, behin kapitalera egin ezkero. Eta bigarren aukera moduan geneukan filma ikusi dugu: Llach, la revolta permanent. Kantari katalanari buruzko dokumentala izateko jaio, eta Gasteizen -1976an- Fragaren agindupean zegoen poliziak erahildako bost hiritarren omenalditan bihurtzen den film ederra. Lluis bera, kantari bikain bezain gizon handi ageri da bere adierazpenetan: zorrotz, zintzo, agintearekiko matxino, aldi berean lotsati eta lotsagabe… Fraga, filmeko irudi zaharretan, harro eta gaizto, gaur egun bezala.

Baina, 2006an, erahilketen 30. urteurrenean, Llach-ek Buesa Arenan Campanades a morts kantatu zuen egunean, berriro egurtu zituzten 76ko biktimak, oraingoan ertzainek. Eta, filmean hain bortxatua eta mindua ageri den Gasteizen, Fraga presidente ohorezko duen alderdiko kide bat da alkate.

Behar dira, bai, memoria historikoa eta matxinada etengabea; behar dugu revolta permanent

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude