ALBISTEAK

EH Bildu gailendu da Debagoienean, boto kopurua nabarmen handituta

Julen Murua Mesonero 2024ko api. 21a, 22:31

Nabarmen egin du gora EH Bilduk Debagoienean; 16.043 boto eskuratu ditu, boto guztien %50,48a. EAJ izan da bigarren indarra, baina botoak galdu ditu 2020ko hauteskundeekin alderatuta –10.110 boto eskuratu ditu–. PSE-EEk 2.785 boto jaso ditu, botoen %8,76a –2020an baino 502 boto gehiago lortu dituzte–. Sumarrek 814 boto izan ditu bailaran eta PPk ere gora egin du, 771 boto eskuratuta. Elkarrekin Podemosek izan du galera nabarmena 1.711 bototik 621era igarota, %1,95a.

31.558 debagoiendarrek eman dute botoa gaurko egunean zehar; 2020an baino 1.619 pertsona gehiago gerturatu dira hauteslekuetara eta EH Bildu izan da garaile.

EH Bildu garaile herri guztietan

Bederatzi herrietatik bederatzietan gailendu da EH Bildu, 2023ko Udal hauteskundeetan legez. Oraingoan, 16.043 boto jaso ditu eta kopuru horrek boto guztien %50,48a ordezkatzen du.

2020ko hauteskundeekin alderatuta, 2.545 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak eta, era horretara, jeltzaleekiko aldea nabarmen handitu du. 10.110 boto eskuratu ditu EAJk eta, horrek, 870 botoren galera erakusten du bailaran; gainera, ehunekoan ere behera egin dute jeltzaleek, botoen %36,85-a izatetik %31,81-a izatera igaro baitira.

Elkarrekin Podemosek ere galdu egin ditu botoak Debagoienean –1.711tik 621 botora igaro dira–, eta ehunekoetan ere galera izan du –%5,74etik %1,95era igarota–.

PSE-EEk, PPk eta Sumarrek irabazi dituzte botoak bailaran aurtengo hauteskundeetan; alderdi sozialista 2.283 boto izatetik 2.785 boto lortzera igaro da, eta Sumarrek 814 boto eskuratu ditu, %2,56a.

Popularrek ere gora egin dute, 260 boto gehiago lortu lortuta (771 guztira, hain zuzen). Voxi dagokionez, 185 boto eskuratu ditu, 2020ko hauteskundeetan baino 43 boto gehiago; %0,58.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak