Jokin Bergara trantsizio ekosozialaren erronkaren inguruan aritu da Elgetako EH Bilduk gonbidatuta

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 11a, 09:54
Jokin Bergara atzo Elgetako udaletxean hitzaldia egiten.

Bergarak iaz argitaratu zuen Adaxka lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak gogoeta liburua. Atzo Elgetan egindako solasaldian krisi ekologikoaren gaineko analisi politikoa eta soziala egin zuen, eta trantsizio erabakigarri bat emango den uneotan agintari politiko egokiak aukeratzearen garrantziaz aritu zen.

Dozena bat lagunekin elkartu zen Jokin Bergara udaletxeko areto nagusian. EH Bilduko Janire Lazkanoren galderak erantzunez egin zuen liburuan jasotakoen inguruko laburpena. "Krisi ekologikoari buruz hitz egiten denean hiru krisi nagusiren inguruan hitz egiten da: berotze globala edo klima krisia, biodibertsitatearen galera eta energia krisia. Elkarren artean lotuta daude. Krisi ekosoziala –ekologikoa eta soziala– aipatzen dugu honek guztiak eragin sozial oso nabarmenak dituelako. Gure buruak antolatzeko modu hau ez da jasangarria, eta iritsi gara une batera non trantsizio garrantzitsu bat gertatu behar den. Trantsizio hori egin daiteke modu adostuan eta baketsuan dauden baliabideak banatuz eta gure jarduna planetaren mugetara orekatuz edo egin daiteke bide ekofaxistaren bidez. Bide hau litzateke dauden baliabide apurrak norberarentzat gorde eta besteak izorra daitezela. Bada jendea gerraren hipotesiaz ere diharduena".

Diskurtso katastrofistetan eta alarmistetan jausi barik Bergarak trantsizioaren borroka egoki eta garaiz planteatu behar dela azpimarratu zuen. "Gure gizarteak eta gure ekonomiak oinarritu dira erregai fosilen kontsumoan eta horrek CO2 emisio handia ekartzeaz gain baliabideen agortze nabarmena eragin du; ez bakarrik petroleoa eta gasa baizik eta mineralak eta abar. Bola magikorik ez daukat baina orain egiten dugunaren araberakoa izango da etorkizunean gertatuko dena. Nik uste dut dena ez dagoela galduta eta badugula ardura borroka hau planteatzekoa; bataila hau eman egin behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak