Langile batailoietako presoak aurten bereziki gogoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 15a, 13:00
Langile behartuak Aiako Harrian 40ko hamarkada hasieran.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak hilaren 20rako iragarri dute 2024ko Memoria Eguna. Epaiketarik gabe "esklabo-lanetara" zigortutako biktimak izango dituzte bereziki gogoan, Elgetako gainerako biktima guztiekin batera.

Apirilaren 23an 87 urte beteko dira Italiako Aviazione Legionarik eta Alemaniako Kondor Legioak Elgeta suntsitu zutela. Saboia eta Junkers hegazkinek hiru egunez jaurtitako bonbek suntsitu zuten herria. Urtero moduan, Memoria Eguna egingo dute Elgetan. Zapatuan izango da ekitaldi nagusia, apirilak 20, 12:00etan.

Gerraren ostean frankistek preso hartu eta "esklabo-lanetara" behartutako biktimak izango dituzte bereziki gogoan aurten. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak ahalegin handia egin du biktima haien izen-abizenak batzen.

Elgetako Udalaren parte hartzearekin egingo dute aurten ere memoria ekitaldia, eta Elgetako hildako eta errepresaliatutako guztiekin batera izango dituzte gogoan biktima horiek ere. "Ekitaldi xumea izango da. Izenak jasotzen dituen plaka jarriko dugu udaletxeko fatxadan; Regiones devastadas dioen plakaren ondoan", azaldu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Nerea Villak. Iaz jartzekoa zen plaka izango da. "Txalaparta doinuak eta hitzaldiak ere izango dira".

Egia, justizia eta erreparazioa

Elgetar asko aritu ziren frankisten langile batailoietan; 70 baino gehiago batu ditu memoria taldeak. Elgetaren berreraikitze lanak ere esklabo-lanetara behartutako presoek egin zituzten; izan ere, jakinekoa da frankistek atzemandako 102 preso heldu zirela 1940an Elgetara. Haien lehenengo egitekoa hondakinak kentzea izan zen.

Herria suntsitu eta zazpi urtera jarri zuten udaletxe berriaren lehen harria. Herrian berreraiki zen lehen eraikina izan zen. Elizak jasandako kalteak konpontzeko lanak egiteko, berriz, sei urte behar izan zituzten. Intxorta 1937 Kultur Elkartetik azpimarratzen dute epaitu barik sartu zituztela biktima horiek guztiak langileen batailoietan.

Beste behin egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko baliatuko dute antolatzaileek Memoria Eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak