Esker onez

Ekainaren 8ko biharamunean, argazkiei begira aritu gara Bergarako Gure Esku Dagoko lantaldeko kideok. Kolore askotarikoak; oso-oso pozik gaude horregatik. Zorionak!

Peto horidun boluntarioek argazkiei emandako argitasuna eskertzekoa da, eta aurrera eta atzera mugitu behar izan zuten pazientzia handiko haur txiki, guraso, adineko pertsona eta gaupasero horiek gabe ere, igandekoak ez luke balioko. Giza katearen ondorengo ekitaldian ere, herri baten izenean hitz egin, antzeztu eta abestu zuten herritarrek jendez lepo betetako plazaren irudi polita osatzea lortu zuten.

Ondorengo jaiaren argazkietan, nekez aurkitzen da tarte hutsik. Halako aldarrikapenen aitzakian plaza jendez beteta ikustea bezalako irudi politagorik ez dago.

Batzuk argazkiaren lehen lerroetan ondo ikusten diren arren, badaude beste batzuk argazkiei distira izugarria ematen diotenak. Aipatzekoak dira kaskoaren barruan euren burua ezkutatu zuten motorzaleak, herritartzat ditugun senegaldarrak, disko jartzaileak, txistulari eta trikitilariak, erraldoiak, Jardun, pazientzia handiko soinu teknikaria, Bergarako tabernari eskuzabalak, udal langileak, Xaxau konpartsa, Txapa Irratia, Goiena, aparkaleku bezala erabiltzeko lurrak utzi dizkiguten enpresak, beraien kamioia ere utzi digutenak, San Prudentzio elkartea, gure berri eman duten komunikabideak, eta kazetari inprobisatuak...

Argazkiek erakusten dute gai garela herri bat benetako herri bihurtzeko, elkarlanean erabakitzeko eskubidea bezalako oinarrizko eskubide baten alde egiteko. Euskal Herria modu honetan batzea garrantzitsua den bezala, Bergarako herria elkartzearen irudia ere ez dugu denbora luzean ahaztuko. Eskerrik asko aipatutakoei, eta bidean ahaztu zaizkigunoi ere. Izugarria izan zen! Lanean jarraitzeko aitzakia polita zarete; izango duzue gure berri! Gero arte!

----------

Maialen Madariaga

(Bergarako Gure Esku Dago)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak