Bertsolaritzak behar zuen transmisioa

Hasier Larrea Herrero 2024ko api. 30a, 14:33

Pasa den eguenean, hilak 25, hasi zen Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako sailkapen fasea, non eta Eskoriatzan, lurraldeko lehen bertso eskola sortu zen herrian. Izan ere, 50 urte igaro dira Almen ikastolan neska-mutilak bertsotan ikasten hasi zirenetik. Aitzakia ona da bertso eskolen bilakaera jorratzeko.

Puntua aldizkariaren 408. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Zapatu goizetan lan egiteko obligazioa bertan behera laga zuten 1974ko otsailean. Helduek asti gehiago izango zuten aisialdirako, eta ikastetxeetan, Almenekoan kasu, ikasleak entretenitzeko tailerrak hasi ziren sustatzen: "Guraso batzuek sukaldaritza eta mendi irteerak proposatu zituzten, eta guk bertsolaritza proposatu genuen, beharra zegoen eta". Patxi Goikolearen hitzak dira, Joanito Akizu eta Xanti Iparragirrerekin batera Almeneko bertso eskolaren bultzatzailearenak.

Debagoieneko gazteen artean ez zegoen bertsolaritzarekiko zaletasun berezirik orduan, eta, "egoera larria" zela iritzita, "erabaki sendoa" hartu behar izan zuten Leintz aldeko hiru bertsozale haiek. Aitzindariak izan ziren, gainera, Euskal Herrian ez baitzen ezagutzen halako ekimenik.

Txapelketa "sozialagoa"

Efemeride hark mende erdi bete du; hain justu, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketaren hamabigarren aldia jokatuko da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteari ez zaio oharkabean pasa urtemuga. Beñat Azaldegi sustapen arduradunak azaldu duenez, "transmisioari ekarpen handia" egin zioten, eta, horregatik, "forma askotariko keinuak" egingo zaizkie aurtengo sariketan lehen bertso eskola hari eta ondoren sortu direnei: "Udaberriko sailkapen fasea, Gipuzkoa Bertsotan deiturikoa, 2019an bezala itzuli bakarrera egin beharrean bi itzulitara egitea erabaki dugu; hartara, plaza gehiagotara eramango ditugu saioak, eta herrietako bertso eskoletako kideek aktiboki hartuko dute parte ekitaldien antolaketan. Adibidez, afari-meriendak antolatuko ditugu, bertsozaleak elkarrekin egon daitezen".

BEÑAT AZALDEGI: "BERTSO ESKOLEI KEINU UGARI EGINGO ZAIZKIE GIPUZKOAKO TXAPELKETAN"

Laburbilduz, "uhin bat" sortu nahi dute, eta uhin horretatik "olatua". Hein batean, bada Goikoleak eta konpainiak lortu zutenaren metafora. Eduki teoriko barik hasi ziren 9 urteren bueltako ikasleei bertsotan irakasten, poliki-poliki: "Hasieran, bertso afarietara joaten nintzen magnetofonoarekin; saio osoa grabatu, eta onenak aukeratzen nituen. Horiek ikasten genituen, makinan idatzi, kopiak atera, banatu, abestu eta buruz ikasita".

Trebakuntza saioetatik hedapenera

Haur bertsozaleekin herriz herri joaten ziren saioak egitera, eta txundituta uzten zituzten ikus-entzuleak. "Oraindik ez ziren gai bat-batekoak egiteko, baina bazekiten fundamentuz abesten. Hortaz, antzerkia egiten genuen. Irakasleok prestatzen genizkien bertsoak aurrez, eta buruz ikasita joaten ziren. Jendaurreko saioan gaia ematen genien eta protagonistek ondo osatutako bertsoak botatzen zituzten; noski, jendea aho bete hortz geratzen zen: 'Nola da posible?'. Oraindik gogoratzen dizkidate saio haiek, oso pozgarria da!", azaldu du Goikoleak.

Irudia: Almen bertso eskola.

Eskolak lau urteko ibilbidea osatu zuenean konturatu ziren bazeudela dohainak zituzten ikasleak. Bederatzi aukeratu zituzten, eta Apotzagako elkartera joaten hasi ziren ostiral iluntzeetan, bat-batekoan treba zitezen. "Frontoian pilotan egin eta afaldu ostean, lehen puntua jarri edo bukaera ematen genien, eta haiek bertsoa osatzen joaten ziren, horretarako minutu batzuk hartuta".

Ikasle haietako bat zen Jon Iñaki Izarzelaia. Gogoan du bertsoarekiko harremana kantuaren bidez bilatzen zela hasieran: "Jabetu ginen ez zela kantu arrunta, eta hitzetan jartzen genuen arreta. Biltegia betetzen joan ginen heinean, afizioa handitu zitzaigun, gero eta doinu eta errima gehiago ikasita".

PATXI GOIKOLEA: "BERTSOAK BURUZ IKASTETIK BAT-BATEKOAK EGITERA PASA GINEN"

Almeneko bertso eskolako sustatzaileek bailaratik kanpo ere zabaldu nahi zuten euren eredua. Oinarri teorikoak azaltzeko materiala bazeukaten ordurako, Abel Muniategik eta Xabier Amurizak sortutakoa, besteak beste. "Gipuzkoako Ikastolen Federaziora eta Aldundira joan ginen, burdina landu ohi den herrietan bertsolariak ateratzen genbiltzala-eta bertso giroa zegoen tokietan zer lortu genezakeen erakusteko", dio Goikoleak. Imanol Murua diputatuaren inplikazioa gakoa izan zela aipatu du: "Erabaki zuen Ikastolen Federazioan eskola orduetan bertsolaritza ikastaroak emateko liberatu bat jarriko zutela. Nik gomendatu nion Mikel Mendizabal izan zedila pertsona hura, eta kasu egin zidan. Horrela hasi zen ikastoletako martxa. Goierriko herrietan hasi zen lehenengo, eta gero, beste lurraldeetara hedatu zen. Bizkaian Jon Lopategik lan handia egin zuen, teknika berriak aterata eta abar. Nafarroan Goizueta aldean hasi zituzten dinamikak, eta Iparralde aldean ere hasi ziren pausoak ematen. Segituan irten ziren Arzallus neba-arrebak eta Sustrai Colina, esaterako".

Eskolarteko txapelketak, akuilu

Motibazioari begira, 1981ean Gipuzkoako lehen eskolarteko txapelketa jokatu izana beste mugarri garrantzitsu bat izan zela uste du Izarzelaiak: "Ikasturtean zehar hitzordu hari begira jartzen ginen, eta lehen aldietan geu izaten ginen txapel gehien ateratzen genituenak, Zumaiakoekin batera. Beste herrietako neska-mutilen aldean, trebatuagoak ginen". Almeneko kideen artean, Izarzelaiak berak, Jon Sarasuak, Danel Goikoleak eta Arantzazu Loidik irabazi zuten sariketa gazteen zein txikien mailetan 80ko hamarkadan.

Irudia: Almen bertso eskola.

Gaur egun ere urtero egiten dituzte eskolarteko idatzizko eta bat-bateko txapelketak lurraldeka, eta, ondoren, Euskal Herri mailako finala jokatzen dute. Ikastetxe askotako plangintzan dago astean ordubeteko bertso ikastaroa txertatuta. Horri gehitu behar zaio hezkuntza zentroetatik kanpo sortutako bertso eskolek hartu dutela gazte zein helduei bertsoa transmititzearen ardura nagusia.

Ondo saretuta

JON IÑAKI IZARZELAIA: "ESKOLARTEKOAK MOTIBATZEN GINTUEN, HORRETAN JARTZEN GENUEN ARRETA"

Goikoleak harro dio "Apotzagako elkarteko ereduan" daudela oinarrituta gerora sortu diren ehunka bertso eskolak. Debagoienean zazpi herritan daude askotariko bertso taldeak gaur egun, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak koordinatuta: Oñatin Txinparta bertso eskolaren inguruan artikulatzen dira talde ugari; Eskoriatzan eta Aretxabaletan haurrek badute aisialdian bertsotan ikasteko aukera; Arrasaten DBHko nerabeek daukate aukera hori; Aramaion jakina da Arabako Txapelketa Nagusian nabarmentzen diren bertsolariak batzen direla; eta badaude, baita ere, helduen bertso taldeak, kantuan egiteko helburu ludikoarekin elkartzen direnak, hala nola Bergaran eta Antzuolan.

Oro har, indartsu dago bertsolaritza gurean. Gipuzkoa Bertsotan-en bailarako bederatzi ordezkari arituko dira, eta zazpi dira 30 urtez azpikoak; datu hori ere aldeko dute bertso eskolek.

Bertso eskolen eta bertso munduaren arteko harremana


Ane Zuazubiskar eta Jon Sarasua bertsolariak.

Bertsolaritzaren azken 50 urteotako bilakaerari buruzko inpresioak partekatu dituzte Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966) eta Ane Zuazubiskarrek (Arrasate, 1997). Bata finalista izan zen 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian eta 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta besteak bigarren aldiz parte hartuko du Gipuzkoakoan.

Transmisioa

JON SARASUA: "BERTSOLARITZA NEKAZARI EREMUTIK EREMU URBANORA PASA DA"

Sarasuak Almeneko eskolan deskubritu zuen bertso mundua. Lasarteren, Amurizaren, Lazkanoren, Lopategiren eta Txirritaren bertsoak buruz ikasita hasi ziren "kultura bat jasotzen eta maitatzen". Orduko bertso irakaskuntza hark teknikatik gutxi izan arren "funtzionatu" zuela aipatu du, "batzuk mundu hartaz zaletu eta maitemindu" egin zirela iritzita. Almeneko lehen topaketa haiek "kaotikoak" izango zirela imajinatzen du Zuazubiskarrek. Haren esanetan, dinamikaren oinarria "edonork ikas zezakeen intuizioan" egon zen, ordura arte "bertsolaria bertsotan jakinda jaio" zen ideiaren kontra. Horri lotuta, Patxi Goikolearekin, Xanti Iparragirrerekin eta Joanito Akizurekin zorretan dagoela adierazi du arrasatearrak: "Modu sendoan erakutsi zuten neskek ere ikasi ahal zutela. Ziur nago bertso eskolak existitu ez balira ez ginatekeela egongo hainbeste emakume bertsotan gaur egun. Are gehiago, garaiotan ezagutzen dugun bertsolaritza ere ez litzateke existituko".

Sarasuak irakasle izan zituen hiru gizonak, eta honela deskribatu ditu: "Patxi oso euskorra zen, dinamika etengabea jartzen zuena, ardatza. Joanito, berriz, piperra, erakartzen gintuena. Eta Xanti, misteriotsua, bertsolaritzaz gehien zekiena. Ez ziren irakasle, ez zuten pedagogiarik, alde horretatik; baina ume kuadrilla batekin konektatu zuten, eta gutxi batzuek jarraitu egin genuen".

Bertso eskolen ekarpena

ANE ZUAZUBISKAR: "BERTSO ESKOLEK MARKATU DUTE NIRE ESKEMA MENTAL KULTURALA"

Sarasuak 30 urte egin du atzera, bertsolaritza Bertsozale Elkartearen inguruko mugimendu bezala antolatzea erabaki zutenekora. "Hiru estrategia finkatu ziren: sustapena, ikerketa eta transmisioa. Ikusi zen etorkizuna eskoletan zegoela, ez bakarrik bertsolariak sortzeko, baita bertsoa maitatuko zuen jendea eta bertso kultura garatzeko ere. Misio horretan jarraitzen dute bertso eskolek, gai-jartzaileek, epaileek, entzuleek… Mugimendu horretarako eragileak sortzen".

Arrasatearrak zera gaineratu du: "Kulturari dagokionez, gaur egungo nire eskema mentala ezingo litzateke ulertu bertso eskola barik".

Bertso mundua

 

Biak bat datoz bertsoa teknika aldetik askorik aldatu ez dela baieztatzerakoan. Lehengo eta oraingo konparazioak esajeratu egiten direla uste du Sarasuak, nahiz eta onartu "baserri- eta herri-mundutik mundu urbanoan gailentzera" pasa dela.

Zuazubiskarren ustez, aldaketa nabarmenagoa izan zen bertso eskolak sortu ziren garaian: "Eskolen aurreko belaunaldietakoek esaten zuten eurek ez zutela bukaera pentsatzen kantuan hasi aurretik". Bestalde, azken urteotan diskurtso eta eduki aldetik gai piloa txertatu direla dio, "emakumeen eta eremu ez-bertsozaleetatik irten diren bertsolarien plazaratzeak" eraginda.

ANE ZUAZUBISKAR: "BAILARAN OINARRI SENDO BATZUEN GAINEAN GABILTZA LANEAN"

Debagoienaren tokia

Bada ideia hedatu bat ez ote dagoen, edo ez ote den egon, Debagoiena bertsolaritzaren epizentrotik kanpo. "Eremu erdaldunetan bizi den bertsolari bat ez litzateke ados egongo hori entzutean, eta zenbakiek arrazoia emango liokete. Izan ere, bailarako bertso eskoletako kide kopurua eta antolatzen diren saio kopurua harro egoteko modukoa da, betiko baina guztiekin, denok baikara kontziente saio batzuk galdu egin direla, izan errelebo faltagatik, nekazari eremukoak izanagatik eta auzo horiek zahartu egin direlako… Bestalde, ezin da ukatu euskaraz egiten den kultur sorkuntza azpiratutako jarduera bat dela oraindik, eta Debagoienean ere hegemoniak beste nonbait daude", argudiatu du Zuazubiskarrek. Hala ere, "oinarri sendo batzuen gainean" dihardutela berretsi du, eta Sarasua ildo beretik mintzatu da, "Debagoieneko herrietan dinamika oso interesgarriak" daudela aipatuta.

Gainera, biek ikusten dituzte aukerak aurtengo txapelketako azken faseetan bailarakoren bat ikusteko. "Bailaratik aspaldiko bertsolari gehien gatozen honetan, uste dut txapelketak aurrera egin ahala berretsiko dela joera hori proportzionalki eta estatistikoki", dio arrasatearrak.

Debagoieneko bertsolari belaunaldirik emankorrena 80ko hamarkadan hazitakoa izan zen, eta, gerora, apaldu egin zen fenomeno hori. Sarasua, esaterako, Gipuzkoako txapeldun irteteko zorian egon zen, baina nahita egin zuen kale unerik erabakigarrienean: "Ulertzen dut batzuek pena hartzea txapeldun izateko aukera hura ez aprobetxatzeagatik. Baina ez dut uste bailarako bertsogintzari kalte egin zionik; niri ere espero baino gutxiago egin zidan kalte. Han eta hemen entzundakoan oinarrituta, ez dut uste hark desmobilizaziorik ekarri zuenik".

JON SARASUA: "KUADRILLAN ETA FAMILIAN ERABILTZEN BADA EGONGO DA OSASUNTSU BERTSOA"

Txapelketak

Dena den, sariketak "geure buruari esaten diogun gezur txiki bat" direla adierazi du aretxabaletarrak, eta osasuna ez dela neurtu behar BECen batzen den publiko kopuruaren arabera: "Gehiago da bertso taldeetan eta hezkuntzan eragiteko gai garenaren araberakoa". Bestela esanda, bertsoa osasuntsu egongo dela lagunartean zein familian komunikatzeko tresna bezala erabiltzen bada: "Hain zuzen, bertso eskolen funtzioa da maila horiek elikatzea; izan ere, bertso eskoletatik pasatzen diren gehienak kuadrillako edo familiako bertsolari izaten bukatzen dute. Bertsolaritza ondo egongo da zapatu gauetan kuadrillak korroan batu eta bertsotan ibiltzen badira".

Erlazionatuak

Almeneko bertso eskolak 50 urte

Gontzal Belategi Zubia api 25

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak